Nazioen Liga, ibiliz egiten da bidea
Bilbon eta Barakaldon bukaera polita izan du asteburu honetan pilotako bederatzi espezialitatetan jokatutako Nazioen Ligak. Jende ugari bertaratu da, giro sanoa sortuz, kirol mailan ondo lehiatutako partidak gozatu dira eta bukaeran estu egon da dominen banaketa hiru selekzio nagusien artean. Begi bistakoa da euskal selekzioa ofiziala denetik nazioarteko txapelketa hauek bestelako izaera hartu dutela, aurreko bazterkeriak zeharo desitxuratzen zuelako errealitatea, are gehiago txapelketak Euskal Herrian jokatzen zirenean.
Lehia amaituta, pozaren pozez ageri da Nazioarteko Federazioko presidentea den Xavier Cazaubon. Ez da gutxiagorako: normaltasunaren bidetik zale eta zale ez direnen arreta ere biderkatu da, pilotalekuetan zein telebista bidez.
Bitxia da ikustea Espainia aldean ikusezin zuten kirolari erreparatzen hasi direla, hango egunkari salduenetik hasita: “Marca”-k oihartzuna eman die euskal eta espainiar selekzioen arteko norgehiagokei. Morbo hutsa antzematen da jarraipen horren atzean. Baina ez lirateke hainbeste harritu beharko: normaltasun osoz jokatu berri du Espainiak Faroe uharteen selekzioaren aurka Emakumezkoen Eskubaloiko Munduko Txapelketan, edota Eskoziaren kontra, duela ez asko, gizonekoen futboleko Eurokoparako sailkatze fasean.
Harritzeko motiboak badira oraindik, bai, baina ofizialtasunari lotuta daude. Esaterako, Nafarroako pilotari eta entrenatzaileek, edo lapurtarrek, nekez ordezka dezakete euskal selekzioa momentuz hala nahi izanez gero. Eta jakina, pilota salbuespena da oraindik kirolen esparru zabalean, nazio eskubidearen egikaritzeari dagokionez.
Hori guztia bistatik galdu gabe, ibilian egiten da bidea, eta Gernikan ekainean abiatu zena Bilbon eta Basaurin sendotu berri da. Oztopo handia agertzen da oraindik epe laburrean; Espainiako Federazioak Lausanako kirol auzitegiaren aurrean (TAS) jarritako helegitea, abenduaren 19an erabakiko dena. Nazioen Liga honek frogatu du, bitartean, ofizialtasunak, normaltasunak, mesede egiten diola kirolari eta joko zikinak alboratzeko garaia badela, kirolaren beraren mesederako.

El mutismo español clama al cielo de Gernika ante el «perdón» alemán

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

«Unerik politena buruz burukora bi anaiak pasa ginela jakitean izan zen»

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV
