GARA
GASTEIZ

Erakunde publikoek euskararen balioa eta etorkizuna nabarmendu dituzte

Euskararen Nazioarteko Egunean, Lakua zein Nafarroako Gobernuek euskararen balioa eta etorkizuna nabarmendu dute. Hizkuntza bizia eta erabilgarria dela eta nortasun ikurra ere badela izan da aldarria. Bakoitza bere adierazpen propioarekin, bi erakundeek euskara sustatzearen alde egin dute, eta belaunaldi berrien inplikazioa azpimarratu.

Euskararen Eguneko ekitaldia Ajuria Enean, «Euskara zugan, nigan, gugan» lelopean.
Euskararen Eguneko ekitaldia Ajuria Enean, «Euskara zugan, nigan, gugan» lelopean. (J.FONTANEDA | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek, Eudelek eta UEMAk bat egin dute aurten ere Euskararen Nazioarteko Eguneko manifestuarekin. “Euskara nigan, zugan, gugan” lelopean Ajuriaenea jauregiaren ondoan kokatutako Elkargunea espazioan egin zen atzo ekitaldia eta herritarrei gonbidapena egin zieten «euskararen argia pizteko eta euskaraz hitz egiteko hautua desiotik egiteko».

Imanol Pradales lehendakaria izan zen ekitaldiaren buru, eta kultura performance gisa egin zen manifestuaren irakurketa, herriaren aniztasuna ordezkatzen zuten hamar pertsonaren artean.

Euskararen biziberritzearen prozesuan datozen hamarkadetako oinarri eta printzipioak definitzearen «herri erronka estrategikoa» aipatu zuen Pradalesek. Horrela, manifestuan, erakundeek «indarrak batzeko» deia egin dute, «euskara biziberritzeko prozesuari segurtasuna emateko eta urrats berri eta ausartak egiteko».

«Euskararen erabilera eta transmisioa bermatuko duten bide berriak aztertzeko unea iritsi da. Espazio seguruak sortzeko unea, bai banakoetatik bai erakundeetatik, aisialdian zein lanean euskaraz komunikatu ahal izateko. Belaunaldi berrien artean euskararen transmisioa indartzeko unea», dio adierazpenak.

Pradalesek «euskarara hurbiltzen den pertsona bakoitza» hartzeko eta baloratzeko deia egin zien euskaldunei.

«XXI. MENDEKO NAFARROAREN NORTASUN IKURRA»

Nafarroan, Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Euskarako kontseilari Ana Ollok euskara «XXI. mendeko Nafarroa eleanitz, ireki, askotariko, moderno eta berritzailearen nortasun ikurra» dela nabarmendu zuen, zabaldutako bideo baten bidez.

«Mendeetan zehar eta lurralde txiki honetan, egungoa bezalako mundu aldakor batean, berezko hizkuntza batek -Lingua Navarrorum- denboran zehar iraun izana harro egoteko modukoa da», nabarmendu zuen.

Halaber, azpimarratu zuen «euskarak orain sendoa eta etorkizun itxaropentsua» dituela, «datu soziolinguistikoak eta aurrematrikulak ikusita; izan ere, datu horien arabera, Nafarroako lau gaztetik batek ezagutzen du euskara».

Gobernuak hizkuntzaren eta euskararen sustapenaren aldeko apustua egiten jarraituko duela azpimarratu zuen.

ELKARRETARATZEA BAIONAN

Euskararen Erakunde Publikoak aurki egingo duen biltzar nagusiaren atarian, Euskal Konfederazioak deituta hainbat eragile batu ziren Baionan, euskararen politika kudeatzen duen egiturak aztergai izango duen aurrekontua «euskarak behar duenaren heinekoa izan dadin» eskatzeko.



Guka: «Bilbon ezin da euskaraz bizi»

“Bilbon euskaraz bizi nahi dugu, erdalduntze makina gelditu!” lelopean, Guka Bilboko Euskaltzaleon Plaza Askeak manifestazioa egin zuen atzo.

Adierazi zutenez, milaka euskaldun bizi diren arren, «Bilbo ez da hiri atsegin bat euskaldunontzat. Ezin da euskaraz bizi. Ezin ditugu gure bizi proiektuetako gauza garrantzitsuenak, ez eta eguneroko garrantzi gutxieneko kontuak euskaraz egin. Euskaldun gehien dagoen tokian, kosta egiten zaigu mediku euskaldun bat topatzea, zinemako langileari euskaraz entzutea, Bilbao Kirolakeko klase gidatua euskaraz jasotzea, gure seme-alaben entrenatzaileak euskaraz oihuka aditzea…».

Euskaraz bizitzea aukera erreal bat bihurtzea euskaltzale ororen lana ere badela aitortu arren, ardura politikoak dituztenen «betebehar eta erantzukizuna» dela nabarmendu zuen Gukak: «Indar espainolistetatik datorren euskararen aurkako oldarraldi betean, onartezina da horren aurrean euskal administrazioek beste alde batera begiratzea». Horren aurrean, «erabaki politiko ausarten garaia» dela gaineratu zuten.

Bilbon gaia kokatuz, Udala interpelatu zuten: «2025. urtean udal ordenantza ziztrin bat ere ez daukagu, ‘Uriola’ eta ‘Prest!’ euskarazko komunikabideek dirulaguntza eskasengatik itxi behar izan dute, erdaraz diren BBKLive eta parekoei milioiak ematen dizkiete, euskara kalera ateratzea helburu duten euskaltegien ekimenei ezetzak ematen dizkiete, herri ekimenak isunez josten dituzte...». GARA