Bikaintasunaren bidetik, ekarpen berriak Karakorumeko esplorazioan
Berghoff, Winckler eta Steadman alpinistek konpromiso eta zailtasun handiko bi bide berri urratu dituzte 6.082 metroko garaiera duen orratz batean (M6, AI4, A2+, 500 m) eta 6.300 metroko izenik gabeko mendi batean (M7, AI4+, C1, 1.450 m).

Cody Winckler eta Dane Steadman estatubatuarrak bitan igaro dira orriotatik. Lehenbiziko bisita iazko azaroan egin ziguten Yashuk Sar mendiaren (6.688 m, Karakorum) iparraldeko kontrahorman goi mailako ibilbide berria aurkezteko. Bigarrena, berriz, joan den azaroko kontua da. Hain zuzen, aipatu Yashuk Sarren eginiko jarduerarengatik aurtengo Urrezko Pioleten sarietan protagonismoa izan zezaketen; eta, bai, aitortza jaso dute.
Bada, orain bikote honek, Blake Berghoff kidearekin, Karakorumen eginiko espedizioaren berri emango digu. Esplorazioan oinarritutako bidaia horrek, berez, Dansam (6.568 m, Pakistan) zuen xede. Baimena eskuratu ondoren, iparraldeko zutoina eskalatzeko asmoa zuten. Zoritxarrez, oso kondizio kaskarretan zegoen. Granitoaren kalitatea oso txarra zen eta aztertutako jaitsiera ere oso arriskutsua.
Burumakur geratzeko asmorik ez zutenez, egoera irauli eta ingurumari horretan bi eskalada egin zituzten. Ming Ling izeneko glaziarraren ondoan dagoen 6.052 metroko orratz batean 500 metroko lerro bat sortu zuten: M6, AI4 eta A2+. Gero, Dansam mendiaren ipar-mendebaldean dagoen izenik gabeko mendi batean (6.300 m) beste bide bat zabaldu zuten: M7, AI4+, C1, 1.450 m. Laburbilduta: esplorazioan oinarritutako bi proposamen gogor. Teknikoki zein konpromisoaren aldetik.
Hurrengo lerrootan, Steadmanek berak luze eta zabal hitz egingo digu Wincklerrekin eta Berghoffekin Karakorumeko inguru horretan eginiko espedizioari eta lortutako emaitzei buruz.
KARAKORUM
«Dansameko argazkiak duela lau urte ikusi nituen lehen aldiz, eta haren iparraldeko zutoinak lehen momentutik harrapatu ninduen. Urrutiko amets bezala nuen, baina bat-batean nire iparrorratz bihurtu zen. Hots, hurrengo urteetako nire eskaladak bideratu zituen. Yashuk Sarreko iazko eskarmentuaren ondoren, prest nengoen beste espedizio bat egiteko. Dansam mendi mitiko hori eskalatzeko baimena eskuratu genuen, eta irailaren hasieran Pakistanera abiatu ginen.
Kanpaleku nagusia antolatu eta biharamunean zerua garbitu zen. Dansam ikusi eta ametsen lehen zatia bete zen: harritu eta inspiratu egin ninduen. Baina hurbildu ginenean inspirazio horrek beldur kutsua hartu zuen. Erdiko kontrahorman zegoen bide seguru bakarrak izugarria zirudien. Bederen, seracak saihesten zituen. Argazkietako granitoak ‘iruzur’ egin zigun. Irudietan trinkoa zirudien; han aurrean, aldiz, ohartu ginen oso puskatuta zegoela. Horrez gain, ibilbide horretatik jaisteak ia ezinezkoa zirudien; oso-oso arriskutsua zen.
Espedizioaren helburu nagusi hori baztertu eta gero, gure inspirazioa berriro indartzen joan zen. Ming Ling izeneko glaziar baten alboan, ertz batetik altxatzen zen granitozko letagin edo orratz bat ikusi genuen. Jakina, gure arreta piztu zuen. Mapa topografikoetan ez zen azaltzen, baina, hurbildu eta gero, argi geratu zen helburu bat genuela esku artean.
Motxilak prestatu eta biharamunean, dorrea zaintzen zuen azken ertzean, kanpaleku aurreratua ezarri genuen. Denera, bi gau egin genituen horma horretan, eta beste bat gailurraren azpian zegon erlaitz batean. Hirurok ezusteko handia hartu genuen eskaladak izan zuen kalitate handiarekin eta jorratu beharreko estilo ezberdinekin: izotzez estalitako tximiniak, mistoa, katu oinekin eginiko luzeak, artesiak… Guztira, zortzi seguru finko, sei aingura eta beste bi progresiorako jarri genituen. Uste dugu orratz misteriotsu horren lehen igoera izan zela.
Dorre horretan eginiko eskaladaren ondoren, girora egokitzeko fasea erabat beteta zegoen. Bigarren helburuarekin amets egiten hasi ginen: igoera estetikoa, segurua, teknikoki zorrotza eta mendi hotz handi bat esploratuz. Kanpaleku nagusian geundela konturatu ginen gure begiak izenik ez zuen eta igo gabe zegoen 6.300 metroko mendi batera zuzentzen zirela.
Mendi horrek duen iparraldeko kontrahormak gure asmoekin bat egiten zuen. Arazo bakarra zen mendiaren oinarriak izotz jauzi arriskutsu bat zuela. Erabat birrinduta zegoen. Satelite bidezko mapak aztertu eta agerikoa zen ibilbide bat aurkitu genuen. Eguraldiarekin zalantzak genituen. Izan ere, hiru astez oso ona egin zigun eta, normala zenez, aldatu behar zuen. Sei egun genituen aurretik eta iragarpenek zioten ekaitz bortitz bat inguratzen ari zela eta haran guztia elurrez estaliko zuela.
Blakek, udaberrian Alaskan eginiko irteeran izan zituen izozketengatik, erabaki zuen helburu berrira ez zela joango. Irailaren amaieran glaziarraren bidegurutzera abiatu ginen. Lepoa zeharkatu, glaziarraren aldats xume batzuk igo eta kontrahormaren oinarrira heldu ginen. Eguzkia ezkutatzen ari zen bitartean, mistoan, arrokazko lehen hiru zerrendak igo genituen. Zorionez, bibak eroso bat aurkitu genuen.
Harkaitzezko bigarren sekzioa, adibidez, berezia izan zen. Kranpoiekin hainbat plaka gainditu eta hortik aurrera hurrengo zerrendara eraman gintuzten elurrezko aldatsei jarraitu genien. Ibilbide hori ez zen batere atsegina izan. Gogor borrokatu behar izan genuen azukre moduko elurrarekin. Gero, arrokazko azken zerrenda banatzen duen izotzezko tximinia handira iritsi ginen. Ilunabarra gainean genuen, eta azken izotzezko zelaietan sartu ginen. Bezperan bezala, zorte handia izan genuen granitozko orratz baten atzean bibak eroso bat aurkitzeagatik.
Hirugarren egunean izotz tentean hasi ginen eskalatzen, eta, ondoren, beste tximinia bat genuen zain. Seraca saihestu, pixka bat deseskalatu eta, izotzezko beste aldapa batzuk igota, gailurraren azpian dagoen glaziarrera iritsi ginen. Azken metroak eskalatu eta tontorrean geunden. Jarraian, jaitsi eta azken glaziar horretan bertan altxatu genuen denda. Biharamunean eguraldia okertu zen: laino lodiak eta elurtea.
Bidea jaisten ari ginela, eguraldiak hobera egin zuen. 25 rappel egin ondoren, kontrahormara eraman gintuen lepoan geunden. Glaziarraren oinarrian, Blake genuen zain. Lau egunez mendian gogor borrokatu eta gero, gauez, oinarrizko kanpalekura heldu ginen. Biharamunean elurra iritsi zen, eta sei egunez atertu gabe bota zuen. Eskalatutako orratzarekin gertatu zen bezala, uste dugu lehen alpinistak izan ginela mendi horren tontorra zapaltzen.
Amaitzeko, Codyrentzat esker oneko hitzak aipatu behar ditut derrigorrez. Espedizio honetan egundoko indarra eta ausardia erakutsi ditu. Uztailaren hasieran erietxean zegoen pronostiko larri batekin. Ni oso baikorra naiz, baina uste nuen nire kideak ez zuela indarrik izango eskalada hauek egiteko. Erietxeko ohe batetik gailur horietara soilik hiru hilabete igaro ziren! Badakit fisikoki eta mentalki esfortzu handia egin zuela, eta horregatik eskertuta eta harrituta nago».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
