GARA
KIEV

Errusiak Miamin negoziatzen ari den Ukrainari latz egin dio eraso

Kiev eta Washington Miamin bake elkarrizketatan ari zirenean, Ukraina osoan 650 drone eta 51 misil baino gehiago jaurti zituen atzo Errusiak, aspaldiko eraso gogorrenean. Bestalde, Indian bisitan den Putinek AEBrekin «bake adierazpen» bat lantzen ari dela baieztatu du.

Erreskate talde bat Kieven.
Erreskate talde bat Kieven. (CONTACTO | EUROPA PRESS)

Dozenaka zentral elektriko eta bestelako energia azpiegitura helburu zituen azken hilabeteotako eraso gogorrenarekin, Errusiaren itzala aurkeztu zen AEB eta Ukraina hirugarren egunez jarraian Miamin egiten ari diren bake elkarrizketetan. Latz, sistematikoki, eraso egiten jarraitzen du gerra betean laugarren negua pasatzera doan Ukrainaren azpiegitura eta ahalmen energetikoen aurka. Bestalde, Errusiako Defentsa Ministerioak baieztatu du 116 drone ukrainar suntsitu dituela bere lurraldean azken orduotan. Telegramen zabaldu ziren eta baieztapenik ez duten informazioen arabera, Kievek Riazan hirian petrolio findegi bati eraso egin zion eta zenbait sute eragin.

Trumpek gerrari amaiera azkarra eman nahi dion arren, oraingoz helburu horretatik gertu dagoela erakusten duten seinale gutxi ageri dira. Bere planen arabera, Ukrainak Errusiari eman beharko dizkio Donbass osoa eta Kherson eta Zaporizhiako hainbat lurralde, oso lausoak diren segurtasun bermeen truke. Kievek onartzeko oso zailak diren puntuak dira, baina, egiari zor, egunetik egunera gaiztotzen ari den egoera operatiboarekin, aukera askoz ere gehiago ez ditu.

«ZIBILIZAZIOA HONDATU»

Atzo bertan, Kaja Kallas Europar Batasuneko diplomaziaren buruak Trump administrazioak kaleratu berri duen Nazio Segurtasunerako Estrategiaren garrantzia gutxietsi zuen. Bertan, immigrazioa dela-eta «Europa zibilizazio bezala hondamendira» doala baieztatzen da, eta AEBk eskuin muturreko alderdiak babestu behar dituela iradokitzen da. «Denetan aliatu onenak gara eta batuta mantendu behar dugu», adierazi zuen.