Zure Alderdia
Bipartidismoaren krisia aspaldi da hizpide, baina hor jarraitzen du, herrialde gehienetan. Eszisioak egon dira, alderdi berriak sortu dira eta hondoratze titanikoak egon dira, Tory britainiarrak edo frantziar sozialismoa kasu, baina alderdi bitasun higatua ordezkatzera zetozen alderdi berriek ez dute iraun. Ez dute irauten. Ciudadanosetik Sumarrera. Berdeetatik liberal “zintzopentsanteetara”. Europar demokrata sozialistetatik sozialista demokratikoetara. Eta testuinguru horretan agertu da Your Party, Zure Alderdia, edo Zuen Alderdia? Alderdi sozialdemokrata britainiar berria, edo sozialista demokratikoa? Inork al daki?
Jeremy Corbynek gidatzen du Zure Alderdia, eta ezagutzen duzue jada. Zarah Sultanak ere gidatzen du baina hura ziur ez duzuela ezagutzen, emakume gazte arrazializatua delako. Aurreko asteburuan egin zuten Your Party berriaren inaugurazio konferentzia Liverpoolen. Sareetan ez zen emozio handirik sumatzen, baina grazia egin zidan slogan batek: “Sozialismo berria, gure gurasoena bada, ez da izango”.
Jendetza espero zuten, 13.000 pertsona, baina 2.500 baino ez ziren agertu. Bitxia da, udan, Zure Alderdia iragarri zutenean, 600.000 sinadura lortu zituztelako eta talde politiko ezberdinetako 200 zinegotzi. Zer gertatu da? Has gaitezen amaieratik. Konferentziaren lehen egunean, buruzagia, Sultana, kanpoan geratu zen protesta gisa beste alderdi batzuetako ordezkariak baztertu eta kanporatu zituztelako konferentziatik, hala nola Langileen Alderdi Sozialista eta Talde Komunista Iraultzailea, hurrenez hurren. Badirudi azkenean militantzia bikoitzaren alde bozkatu zutela. Baina sakoneko arazoak bere horretan zirauen. Konferentzia baino aste pare bat lehenago, alderdia sortu zuten gizon batzuek dimisioa eman zuten. Arrazoiak bat baino gehiago ziren, alde batetik, barne borrokak, egoak, pertsonalismoa, boterea. Bestetik, arrazakeria. Gizon horiek alderdia utzi aurretik, Sultanak, liderrak, publikoki iragarri zuen alderdi berria “boys club” bat zela: sexismoa ikaragarria eta gardentasuna absente. Berari ere leporatu zioten gardentasun falta, baimenik gabe afiliatuen datuak erabiltzeagatik. Kontua da eztabaida sortu zela trans pertsonen eskubideen inguruan konferentzia baino aste batzuk lehenago. Hussainek, gero arrazakeriagatik alderdia utziko zuen gizonak, alderdi berriak feminista izan behar ez zuela esan eta trans pertsonentzat espazio segregatuak eskatu zituen. Sultanak erantzun zion emakumeen eta transen eskubideak giza eskubideak direla. Eztabaidagarria ez den eztabaida horrek “sozialki kontserbadoreak” direnen eta ez direnen arteko desadostasun sakona azalarazi duela diote alderdi berriko zenbait kidek. Corbyn as usual, mutu, Sionismoarekin bezala.
Beste kide batzuentzat “sozialki kontserbadoreak” gizarte supremazista batean “sozialki supremazista” esan nahi du. Justizia soziala beti dago justizia ekonomikoari lotuta, eta konpontzen ez diren arazoak ez dira sekula desagertzen. Berriro. Justizia soziala justizia ekonomikoari lotuta doa, eta konpontzen ez dena ez da sekula desagertzen, hil arte. Horregatik, eta hauteskunde datuez haratago, ezkerreko alderdien krisia ez da soilik markogintza, betiko markoa hautsita dagoela eta marko berria berriegia dela, baizik eta zubigintza arazo bat ere bada. Hogeigarren mendearen amaieran, itun sozial europarraren antzera, liberal arrazista, kontserbadore misogino eta unikornio jator guztiak batzen zituen zubi horrek. Zeren, dirudienez, “sozialismo berria, gure gurasoena bezalakoa bada, ez da izango”.

López de Gereñu, primer muerto con Juan Carlos I

El sondeo de Lehendakaritza vuelve a dar la victoria al PNV en la CAV

Tras el fin de la guerra en Ucrania, ¿confrontación Europa-Rusia?

El TEDH falla que París conculcó los derechos de Ibon Fernández Iradi
