GARA
DONOSTIA

«Errepresioak ez dezala Palestinarekiko elkartasuna eten»

Donostian atzo egindako agerraldia.
Donostian atzo egindako agerraldia. (Jon URBE | FOKU)

La Vueltak Euskal Herria zeharkatu zuenean Israel Premier Tech taldearen aurka protesta egin zuten zazpi lagun auzipetu dituzte, eta dozenaka zigortu. Irunberrin protesta egin zutenek hilaren 18an deklaratuko dute epaitegietan, eta Bilboko helmugan atxilotutako hiru pertsonak epailearen aurrean eseriko dira urtarrilaren 14an. Horrez gain, gaur epaituko dute Donostian Palestinarekin Elkartasuna plataformako kide bat, Zinemaldiaren testuinguruan protesta ekintza bat egiteagatik.

Atzo Donostian bertan egindako agerraldi publikoan, plataforma horretako kideek adierazi zuten «erakundeen hipokrisia» agerikoa dela eta ozen esan zuten ezin dutela «elkartasunaren aurkako errepresioa normalizatzea» onartu. «Aitzitik, bidegabekeria ororen aurka borrokatzeko kondizioak zabaltzeak izan behar du bidea», gaineratu zuten, eta «errepresioa Israel eta sionismoa defendatzeko eta sostengatzeko beste modu bat» dela ohartarazi zuten. Halaber, «horri elkartasunez» erantzun behar zaiola azpimarratu zuten.

«La Vuelta etetea eta sionismoaren konplizeen parte hartzea salatzea garaipen kolektiboa izan da; eta orain errepresioari kolektiboki erantzutea dagokigu», nabarmendu zuten, eta isunei eta kostu judizialei aurre egiteko kanpaina bat martxan jarriko dutela iragarri. Xedea da «errepresioak ez dezala gelditu Palestinarekiko elkartasuna».

Izan ere, protestak ezinbestekoak izan dira Israel Premier Tech taldea apirilean Miguel Indurain Sari Nagusian ez egoteko eta Donostian WSLk surf txapelketa bat bertan behera uzteko -nahiz eta gero israeldarrik gabe egin zen-. Era berean, Elitzur Ramla taldeak Gernikan ez jokatzea lortu da, eta Sestaoko Xake Txapelketan Israelgo jokalariek ez parte hartzea ere bai. Halaber, herritarrek lortu dute Sidenor eta AMC Mecanocaucho enpresek, besteak beste, Israelekin zituzten merkataritza harremanak etetea. «Eta bide horretan sinbolo bihurtu da La Vueltaren inguruan sortutako mobilizazio eta desobedientzia zikloa, Israel Premier Tech talde sionistaren desagerpena eragin duena».

«Azpimarratu nahi dugu herri palestinarraren eta haren erresistentziaren aldeko mobilizazio eta borroka mota oro legitimoa eta beharrezkoa dela, zuzeneko ekintza eta desobedientzia barne», gehitu zuten. Halaber, Israelen erasoa hasi zenetik Palestinarekiko elkartasun mugimenduaren aurkako errepresioa areagotu egin dela salatu zuten, «bereziki mendebaldeko herrialde konplizeetan». Britainia Handian Palestine Action taldea legez kanpo utzi eta 2.000 lagun atxilotu dituztela nabarmendu zuten, eta Estatu frantziarrean Urgence Palestine eta Palestine Vaincra elkarteak debekatu dituztela, bai eta Alemanian Israelen aldeko neurriak hartu dituztela ere.

Eta «Euskal Herria ere ez dago joera errepresibo horretatik libre», deitoratu zuten.