GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
ARO BERRIA

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ur kontagailuen lantegi bateko langileek batzarra egin dute, azkenean aurrera egingo ez duen greba eztabaidatzeko. Etsipenak jota, inkonformistenek eremu intimoagoetara bideratuko dute eraldaketa erradikalerako nahia. Batzuek lantegia utzi eta mendietan isolatutako komunitate batean murgilduko dira, Arco Iris komunitatean, hain zuzen. Irati Gorostidiren gurasoak bertatik igaro ziren, eta, haiei galdetuta, artxiboko irudiak eta dokumentuak deskubritu zituen. Hortik abiatuta hasi zen “Aro Berria” filmaren sorkuntza prozesua.

Gorostidik GARAri eginiko adierazpenetan aipatu duenez, «filmaren ideia gurasoei ni jaio baino lehen bizitzen izan ziren komunitateari buruz galdetu nienean sortu zen. Filma, neurri batean, beraien ibilbidean edo bizitzako une horretan inspiratuta dago. Pelikulak militante talde bat du oinarrian, frankismoaren amaieraren ondoren langile borrokan oso murgilduta ibilitakoa. Trantsizioa tarteko, eta etorri ziren aldaketak atzean utzi ostean, mendietan isolatutako komunitate batera gerturatuko da gazte talde hori. Komunitate horretan esperientzia katartiko batean murgilduko dira. Bildutako dokumentazioari esker, pelikularen abiapuntua horren inguruko ikerketa izan zen, kuriositateak bultzatuta hasi zena, eta horrek Arco Iris komunitatean murgiltzea ekarri zuen».

BI ZATIAK

Pelikularen hasierako zatia fabrikan zentratzen da, eta ondoren “Aro Berria” izenburua agertu ostean, haustura narratibo eta formala gertatuko da eta hor hasiko da filmaren muina. «Oso argi izan dut hasieratik bi sekuentzia horiek egin nahi nituela, langileen batzarra eta ostean datorren karpa gorrian gertatzen den guztia. Egia esan, oso intuitiboa izan zen, asko erakartzen ninduen bi egoera horiek kontrajartzea; hainbeste jende, hainbeste gorputz, baina aldi berean hain desberdinak», erantsi du Gorostidik.