XABIER IZAGA
GASTEIZ

«Arrea!», mendiko sukaldea, mendiko bizimodua, Edorta Lamoren azken liburua

Hamarkada bat baino gehiagoan hiri giroko abangoardiako sukaldaritzan jardun ondoren, sustraietara itzuli zen Edorta Lamo Arrea jatetxeko sukaldaria, familia eta bizi proiektu batek hartaratuta. Horren deskribapena da atzo aurkeztu zuen liburua, lau urtaroen arabera antolatutako 100 errezeta inguru eskaintzen dituena.

Edorta Lamo, bere liburuaren aurkezpenean.
Edorta Lamo, bere liburuaren aurkezpenean. (Raul BOGAJO l FOKU)

Egunero umeak ikastolan utzi eta mendira joaten da Edorta Lamo. Lurra eta lasaitasuna ere lanbide baititu. Hamarkada bat baino gehiagoan hiri giroko abangoardiako sukaldaritzan jardun ostean, Kanpezura itzuli zen sukaldaritza, kultura eta lurraldea lotzen dituen proiektuari ekiteko.

Azken etapa hau deskribatzen duen liburua, “Arrea!”, aurkeztu zuten berak eta Amaia bere arrebak, izen bereko jatetxea zuzentzen duenak, atzo Gasteizko Zuloa liburu-dendan. «Aldaketa itzela», taberna batetik -Donostiako A Fuego Negro-tik- Arabako Mendialdeko Arrea jatetxera.

Neba-arrebok 20 urteko ibilbidea egin dute elkarrekin lanean. “Arrea!” laugarren liburua dute, baina hau «beste proiektu bat da, eta beste erritmo bat»; izan ere, liburu hau beste patxada batean egina da, eta horixe transmititu nahi dute liburuan: herriko lasaitasuna, herriko bizimodua.

Sukaldaritzako liburua da, baina haren ardatza ez da, ohi bezala, chefa, baizik eta mendialdeko bizimodua islatzea, kultura eta lurraldea, landa-inguruneko produktuak, ofizioak eta paisaiak. Lamoren bizimodua ere halakoa baita, lurrarekin, tokiko ekoizleekin, artisauekin, kulturarekin harreman etengabean.

Mendialde arabarra omentzen duen liburu honek 100 errezeta inguru eskaintzen ditu lau urtaroen arabera antolatuta, eta urtaro bakoitzean zer bildu eta noiz prestatu jakiteko gida ere bada.

Liburuaren sarreran azaltzen du bere proiektuaren filosofia: «Kanpezun gosearen kultura ezarri zen, eta, beraz, esfortzuarena, borrokarena eta buruargitasunarena, aitortu eta balioetsi beharrekoa». Haren oinarriak, lurraldearekiko harremana, jakintza tradizionalen berreskuratzea, ehiza eta bilketa. Baita «oroimeneko sukaldaritza» ere.

Atzean geratu dira beste etapa batzuk, betiere emankorrak, Arzak eta Mugaritzenean trebatu zenekoa, Donostiako A Fuego Negro pintxo taberna edo Fermin Muguruzarekin egin zuen “Pintxatu” disko-liburua... Baina etapa berria ere ez da oharkabean joan: 2022an bere lehen Michelin izarra eta Repsol gidaren bi eguzki jaso zituen.

Lamok eskertu zuen Lakshmi Agirrek proposatu izana “Su paregabeak” bildumakolehen alea “Arrea!” izatea, baita Sara Castaño argazkilariaren lana ere.