Nerea LAUZIRIKA
BILBO
PANTXOA ETA PEIOREN AZKEN KONTZERTUA

Pantxoa eta Peioren «Azken dantza» 2027ko urtarrilaren 10ean izango da

Hainbat hamarkadaren ostean ibilbideari behar bezalako bukaera emateko kontzertua eskainiko dutela iragarri dute Pantxoak eta Peiok. 2027ko urtarrilaren 10ean egingo dute «Azken dantza», Barakaldoko BECen. Emanaldirako sarrerak bihar goizean jarriko dituzte salgai, 10.00etan, pantxoaetapeio.eus webgunean.

Peio Ospital eta Pantxoa Carrere, azken kontzertuaren aurkezpenean.
Peio Ospital eta Pantxoa Carrere, azken kontzertuaren aurkezpenean. (Oskar MATXIN | FOKU)

Pantxoak eta Peiok 1960ko hamarkadan hasitako ibilbide oparoari agur esango diote 2027ko urtarrilaren 10ean egingo duten kontzertu bereziarekin. Sarrerak bihar, abenduaren 18an, 10.00etan jarriko dituzte salgai, pantxoaetapeio.eus webgunean.

Barakaldoko BECen emango duten emanaldia izango da “Azken dantza”. 2011n igo ziren azkenengoz biak elkarrekin oholtzara, ondorengo etenaldia aurreikusi gabe. Horregatik, orain, bere ibilbide luze eta oparoari bukaera duina emateko helburuarekin antolatu dute kontzertua.

Zaleei esker ona agertu zieten atzo Bilboko Kafe Antzokian egin zuten agerraldian. Olaia Inziarte, Martxelo Otamendi, Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe, Mertxe Rodriguez eta Jon Maiaren parte hartzearekin egindako ikus-entzunezko pieza baten bidez iragarri zuten kontzertua bera zein sarreren salmenta.

Alde horretatik, nabarmentzekoa da NAIZeko harpidedunek sarrerak aurretiaz eta merkeago eskuratzeko aukera izango dutela.

«Festa handi gisa» ikusten du kontzertua Pantxoa Carrerek. Azaldu zuen beti ibili izan direla sindikatu, laborari eta abarren alboan eta, nolabait, euskal kontzientzia eta bikotearen ibilbidea eskuz esku joan direla beti. Zalegoari esker ona agertzeko ez ezik, adierazi zuen BECekoa «mundu honetatik joan direnengan» pentsatuz kantatzeko parada ere izango dela, Manex Pagola eta Telesforo Monzon kideak, kasurako.

Eskertza kantuari berari egin nahi dio Peio Ospitalek: «Izan ere, urtez urte eta kantuz kantu josten joan gara maitasun istorioa». Era berean, uste du aukera ona izango dela «herriak gure bikoteari atxikimendua erakusteko». Horrez gainera, hogei urteren bueltan dituzten bere bost bilobek Pantxoarekin batera horrelako kontzertu batean ikusteko izango duten abagune bakarra ere izango da, eta bereziki hunkitzen du horrek Peio Ospital.

EUSKARAZ KANTATZEA, BORROKA EGITEKO MODUA

1960ko hamarraldiaren bukaeran hasi ziren elkarrekin kantuan Pantxoa Carrere eta Peio Ospital eta orduko testuingurua azaltzen du prentsaurrekoan aurkeztu zuten bideoak; YouTuben ere badago ikusgai. Izan ere, orduan euskaraz kantatzea borroka egiteko modu bat zen eta haien kantagintzak bozgorailu lana bete zuen, hein handi batean, baita iparraldearen eta hegoaldearen arteko lotura egiteko zubi lana ere.

Hainbat idazle eta bertsolariren hitzak musikatu eta ereserki bilakatu dituzte, hala nola aurkezpenean kantatu zuten “Urtxintxak”, Manex Pagolaren letrari doinua jarrita sortutakoa.

Bikote lapurtarrak 1969an argitaratu zituen lehen kantak eta 2009an berrienak. Tartean, milaka kantaldi eta hemezortzi argitalpen utzi dizkigute. “Azken dantza”-rekin agurtuko dute zalegoa.