Argiak
Lehia bitxia dago modan herri eta hiri askotan: nork gabonetako argi argitsuenak ipini. Festa, alaitasuna eta zorioneko egunak ospatzeko omen moda hori. Itzalpetik egun batzuk irten gaitezen eta sasipoza izan dezagun ezartzen dira zuhaitz eta noria argitsu erraldoiak, drone argidunak, pertsona ospetsuak argiak pizten, bilkura jendetsuak eta batez ere kontsumorako dei ozena egiteko lasterketa eroa. Gabonak heltzearekin bat, presta ditzagun karterak zorion bidea egin dezagun. Ahantz ditzagun arazoak egun batzuez, bil gaitezen harmonia alaitsuan, izan gaitezen elkartasuneko eta lagunkoi. Eta loteriarekin ustekabeko aberastasunarekin amets egin dezagun. Heldu dira gabonak eta intxaur-saltsarekin goza dezagun bizitza.
Mitologiaren festa kontsumismoaren atzaparretan ospa dezagun; Olentzero bihur dezagun agure maitagarri eta onbera, txukuna, ardo zahatorik eta piparik gabea, aurpegia garbitu eta izerdi usaina koloniarekin ezkutatu. Dena eder eta polit. Non gelditu ote da ikazkin zikin, alproja, zurrutero eta tripazagia? Non, Pio Barojak deskribatzen zuen Olentzero hura, garbitzen ez ziren haurrak tximetatik hartu eta Zurriolako arroketara arrastaka eramaten zituena? Gabonetako argien dirdiraren tximistak azken jentila desegin du. Argi gehiegi, argitasun eskasean.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
