Volkswagen Navarrari 93 kontratu mugagabe bihurtzeko eskatu diote
Behin-behinekoak diren 93 lan kontratu aldatu eta mugagabe bihurtu beharko ditu Volkswagen Navarrak. Hala erabaki du Lan Ikuskaritzak, LABek paratutako salaketa aztertu ondoren. Hamar eguneko epea du hori egiteko. Enpresak zigor prozedura bati aurre egin beharko dio, agindutakoa betetzen ez badu.

Lan Ikuskaritzak, LABek aurkeztutako salaketa baten ondorioz, behin-behineko 93 kontratu aldatu eta mugagabe bihurtzeko eskatu dio Volkswagen Navarrari, sindikatuko Nafarroako Industria saileko arduradun Asier Calderonek eta Volkswagenen ordezkari Raul Portillok atzo jakitera eman zutenez. Hamar eguneko epea du horretarako eta, agindutakoa betetzen ez badu, enpresak zigor prozedura bati aurre egin beharko dio.
Agerraldian azaldu zutenez, eragindako langile bakoitzeko arau-hauste bat egin du enpresak eta, Ikuskaritzak dioenez, 239 kontratu identifikatu dira guztira indarrean dagoen araudiarekin bat ez datozenak. Gainera, enpresak 151 kontratazio zergatik gauzatu ziren justifikatu beharko du.
«URRAKETA SISTEMATIKOA»
LABek positibotzat jo du Ikuskaritzaren ebazpena. «Volkswgen Navarrak kontratazio arloko araudia sistematikoki urratzen du, helburu bakar batekin: langile prekarioek, baldintza ekonomiko okerrenak dituzten langileek, lan txanda okerrenak dituztenek, haien onura ekonomikoak handitzeko», salatu zuen.
LABeko bi kideek agerraldian nabarmendu zutenez, «Volkswagen Navarrak behin-behineko langileak erabiltzen ditu plantillari ezartzen zaizkion lan baldintzek eragindako egiturazko absentismoa ordezkatzeko».
Horrek esan nahi du hilean 600 euro baino gehiago aurrezten dituztela soldatako kontratu bakoitzeko, plusak eta beste faktore ekonomiko batzuk kontuan hartu gabe, azaldu zutenez.
UGT ETA CCOOREKIN AKORDIOA
Enpresa honek dirulaguntza publikoetan milioika euro jasotzen dituela kritikatu zuten LABeko kideek. Kalitatezko enplegua sortu beharrean enplegu prekarioak izateko erabiltzen dituztela salatu zuten. «Volkswagen Navarrak inpunitatez jokatzen du UGT eta CCOO sindikatuekin egindako enplegu akordioari esker nahi duena egin dezakeelako langile batzordeari kontratazio arloko azalpenik eman gabe, eta uste du berdin joka dezakeela Administrazioarekin», gaineratu zuen.
LABek ohartarazi zuenez, «akordio opaku honek, langile batzordearen kontrolik gabekoak, aukera ematen dio konpainiari askatasunez erabakitzeko zer kontratu formalizatzen dituen, bai mugagabeak bai aldi baterakoak, gainbegiratze eta egiaztapenik gabe».
Sindikatuaren arabera, ez dira ezagutzen ez hautaketa proben emaitzak, ez Giza Baliabideen balorazioa, ezta kontratazio behar errealak ere.
LABek gogorarazi zuen kontratuen kopiak Lan Ikuskaritzan hainbat erreklamazio aurkeztu ondoren soilik eman zirela, eta froga horiek ebazpena eragin duen salaketarako baliagarriak izan direla. «Volkswagen Navarrak hitzarmen kolektiboa zein lan arloan indarrean dagoen araudia bete behar ditu», gaineratu zuen sindikatuak.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
