Konstituzionalak erabakiko du hizkuntza eskakizunei buruz
EAEko Enplegu Publikoaren Legearen konstituzionaltasuna zalantzan jartzea lortu dute PPk eta Voxek hizkuntza eskakizunei dagokienez. Konstituzio Auzitegira eraman du gaia EAEko Auzitegi Nagusiak.

EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak Konstituzio Auzitegira eraman du Enplegu Publikoaren Legearen 187.5 artikuluari buruzko konstituzio-kontrakotasuneko arazoa, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioetako lanpostu guztietan euskara eskakizunak esleitzearen ingurukoa.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak konstituzio-kontrakotasuneko arazoa planteatzeko autoa eman du, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuaren zenbait aginduren aurka PPk eta Voxek jarritako errekurtsoei buruzko ebazpena eman aurretik, horiek EAEko enplegu arauaren 187.5 artikulutik zintzilik daudela iritzita.
Errekurtsoen jarduketak behin-behinean etenda geratu dira, Konstituzio Auzitegiak, lehenik, errekurtsoen onarpenari buruz eta, ondoren, gaiaren funtsari buruz ebatzi arte.
Auzitegi Nagusiak konstituzio-kontrakotasuneko arazoa planteatu du alderdien eta Fiskaltzaren alegazioak jaso ondoren. PP, Vox eta Fiskaltza Konstituzio Auzitegiari Enplegu Publikoaren Legearen artikuluaren konstituzionaltasunari buruz kontsulta egitearen alde agertu ziren. Arau horren arabera, EAEko administrazio publikoetako erakunde, organismo eta lanpostu guztiek dagokien hizkuntza eskakizuna izan behar dute esleituta.
Lakuako Gobernua aurka agertu zen, EAEko Auzitegi Nagusiak «zerbitzu publiko elebiduna bermatzeko esparru juridikoa zalantzan jartzen» duela argudiatuta. Bere kezka oinarrizko lege egitura guztia auzitan jar dadila da, hainbat erakunderen erabaki zehatzak baliogabetzen ari diren epai ugariren ondoren.
BOTO PARTIKULAR BAT
Autoaren aurka ezin da helegiterik jarri, eta hiru epaileetako batek boto partikularra eman du, Auzitegi Nagusiak atzo adierazi zuenez.
Aztertuko den xedapenak hau ezartzen du zehazki: «Euskal administrazio publikoetako eta haien instituzio eta organismoetako lanpostu guztiek, unean uneko egoeraren araberakoak edo aldi baterakoak barne, dagokien hizkuntza eskakizuna izango dute esleituta; horretarako, kontuan izango da zeintzuk diren lanpostu bakoitzaren ezaugarriak eta komunikazio premiak, eta zer hizkuntza trebetasun eska daitezkeen premia horiek betetzeko».
EAEko Auzitegi Nagusiaren ustez, artikulu horrek baldintzatu egiten du Voxek Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko 19/2024 Dekretuaren artikuluen aurka jarritako errekurtsoari buruzko behin betiko epaia, eta beharrezkotzat jotzen du Konstituzio Auzitegiak ebaztea legearen atal hori Konstituzioarekin bat datorren ala ez, horri buruzko ebazpena eman aurretik. Voxek ez ezik, PPk ere helegitea jarri zuen dekretuaren artikuluen aurka.
Auzitegiak bere autoan zehazten duenez, lanpostu guztiek esleitutako hizkuntza eskakizuna izatea Konstituzio Auzitegiak orain arte «modu espezifikoan» tratatu ez duen kasua da, eta uste du «arrazoi askok» justifikatzen dutela zalantza konstituzionala eta kontsulta hori.
Adierazi du, gainera, berme auzitegiak lehenago ere eman duela hizkuntza koofizialtasunari buruzko iritzia, proportzionaltasun printzipioari erreferentzia eginez, eta Konstituzioaren 23. artikuluaren enplegu eta kargu publikoetarako sarbidearen ikuspegitik, proportzionaltasunak esan nahi duela ezingo dela eskatu hizkuntza koofiziala jakitea lanpostu guztietarako: «Lanpostu guztiak hizkuntza eskakizuna esleituta dutenak izatea, eta ez proportzionaltasun printzipioaren arabera eska dezaketenak soilik izatea, objektiboki disuasio elementua da enplegu publikora iritsi nahi dutenentzat eta erdaldunak direnentzat».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
