Giza adimenarekin engaiatuta, kazetaritzatik eta kazetaritzaren alde
Adimen artifizialari (AA) buruzko informazioa ohiko bihurtu da hedabideetan. Teknologia horrek dakartzan aurrerakuntzei, alborapenei, arriskuei eta aukerei buruzko albisteak bata bestearen atzetik argitaratzen dira eta, ondorioz, etengabeko prestakuntza ezinbesteko bihurtu da kazetarientzat. Herritarrak, aldiz, etengabe erne eta mesfidati egotera eraman ditu. Perspektibak hain dira desberdinak eta, are, kontraesankorrak -egun batean AAk proba diagnostikoak fintzen omen ditu eta hurrengoan iruzur masibo baterako balio du-, non egoera itogarria suerta daitekeen. Maiz, ez gara ohartzen AA zenbateraino dagoen jada gizakion jarduera askotan txertatua. Dakartzan kostuak ez dira behar beste ezagutzen. Karen Haok “Empire of AI” liburuan azaltzen duen bezala, AAk «inperialista» deitu daitekeen garapena izan du; pentsamolde kolonialista baten pean boterea, informazioa eta baliabideak kontzentratzen dira.
Kazetari eta idazle estatubatuarrak, “Time” aldizkari ospetsuaren arabera adimen artifizialaren alorrean 2025ean eragin handiena izan duten pertsonalitateetako bat denak, hala dio: «Kolonizazioa iraganeko kontua dela pentsatu ohi dugu, baina Atacamako basamortuan (Txile iparraldean) bizi diren herri indigenentzat, esaterako, egunerokotasuna da. Berezko dituzten baliabideak arpilatzen dizkiete: kobrea datu zentroetako kable eroale eta osagai elektronikoetarako; litioa datu zentro horiek hornitzen dituzten larrialdiko sorgailuen baterietarako. Beste alderdi bat egitura horien jardueraren ingurumen inpaktua da, bai energian bai uretan».
«Enpresa teknologikoek -gehitzen du- batez ere Hegoalde Globalean eta ekonomikoki ahulen diren komunitateetan kontratatzen dute lan indarra, adimen artifizialeko ereduak hobetzeko xedea duten hainbat zereginetarako».
ALBORAPENAK INDARTU
Eragin handikoak eta opakoak diren algoritmoak aztertzen dituen AI Forensics erakundeak. berriki eginiko txosten batean, agerian utzi du nola sortzen eta biralizatzen ari diren «immigrazioaren aurkako eta sexualizazioko» irudi kopuru izugarriak. Helburua algoritmoaren alborapenak are gehiago desbideratzea litzateke, eskuin muturraren agenda sustatzeko. Eta horiek ez daukate inolako erreparorik gezurretan aritzeko, ezta ankerkeria beren bandera bihurtzeko ere.
Gezurraren eta ziurgabetasunaren garaiotan, hain zuzen ere, kazetaritza zorrotzak balio berria hartzen du. Testuinguru honetan, hedabideek misio erabakigarria betetzen dute nazioen eta demokrazien garapenerako. Desinformazioaren, arinkeriaren eta zinismoaren aurkako babesleku dira, gara. Kazetaritza onak ere AA erabiliko du, zalantzarik gabe, baina gardentasunez egingo du, aitortutako printzipioetan eta helburu nobleetan oinarrituta. GARAren eta harekin lotutako hedabideen kasuan, kode deontologikoak bere printzipio orokorretan jasotzen du teknologia disruptibo horrek gero eta garrantzi handiagoa duela. Horri buruzko «eztabaida etiko, instituzional, sozial eta profesionalak» sustatzeko konpromisoa hartzearekin batera, argitu du, haren garapena edozein dela ere, AAk «ez duela inoiz giza analisia ordezkatuko». Hori da, orain arte, AAren garaian kazetaritza egiteko ikuspegirik inteligenteena.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
