Eguzki Urteaga

Tokiko hauteskundeei begira

2026ko martxoaren 15 eta 22an izango dira Ipar Euskal Herrian udal eta mankomunitate hauteskundeak, sufragio unibertsal zuzen eta zeharkakoan.

Hauteskunde horiek berebiziko garrantzia dute tokiko gaiek zentraltasun berezia dutelako eta bertako erakundeek eskumen esanguratsuak dituztelako alor horietan, izan dadila etxebizitza, garraio, kohesio sozial ala kultura arloetan.

Hauteskunde horiek oso giro nahasian gertatuko dira, ezegonkortasuna nagusi baita frantses politikagintzan. Izan ere, Frantziako Legebiltzarrean gehiengorik ez dagoenez, gobernuak zailtasunak ditu gehiengoak lortzeko aurrekontua eta lege proiektuak aurrera ateratzeko eta, bide batez, bere biziraupena bermatzeko.

Horri gehitu behar zaio, frantses Estatuaren defizit eta zorpetze mailak garaiak direnez, murrizketak egingo dituela, besteak beste, lurralde kolektibitateei ematen dizkion dotazio ekonomikoetan. Horren ondorioz, bai udalek bai Euskal Elkargoak diru zama txikiagoa jasoko dute beren eskumenak gauzatzeko orduan.

Hauteskunde hauek berrikuntza esanguratsu bat ekarriko dute, 1.000 biztanle baino gutxiagoko herriek ere gizon eta emakumeen arteko parekotasuna ziurtatu beharko baitute. Horrek erran nahi du tartekatutako gizon eta emakumez osatutako zerrendak osatuko direla.

Horren bidez, emakumeen kopuru eta proportzioa nabarmen igoko da. Aitzitik, zailagoa izango da parekotasuna alkateen mailan ikustea, legeak ez baitu derrigortzen genero berdintasuna bermatzea auzapezak aukeratzeko tenorean.

Alderdi abertzaleentzat hauteskunde esanguratsu bezain garrantzitsuak izango dira, batetik, orduan lortzen baitituzte beren emaitzarik hoberenak eta, bestetik, 2020ko hauteskundeek aukera eman baitzieten botere instituzional nabarmen bat lortzeko, alkatetza berriak eskuratuz, hala nola Urruña, Ziburu eta Itsasun.

Ikusteko dago, kudeatzen dituzten herriko etxeak mantentzeaz gain, gai izango diren berriak eskuratzeko. Horretarako ezinbestekoa izango da, hautagai erreferentzial bezain sustraituak proposatzeaz gain, zerrenda irekiak aurkeztea, betiere zerrenda horien lidergoa asumituz eta oinarrizko aldarrikapen batzuk mahai gainean jarriz.

Era berean, funtsezkoa izango da abertzaleek hautagai propio bat proposatzea Euskal Elkargorako, jakinik erakunde hori egonkortua dagoela, abertzaleek beren burua alternatiba gisa agertzeko premia daukatela eta estatus bereziko lurralde kolektibitate bat lortze aldera pausoak eman behar dituztela.

Horretarako aliatuak izatea premiazkoa izango da, azken hauteskunde legegileetan hobetsitako formula aukeratuz (abertzaleen eta ezkerreko alderdien arteko batasuna) ala geometria aldakorreko aukerari lehentasuna emanez.