GARA
IRUÑEA

Sustrai: «AHTri buruzko azken txosten ofizialak xahutzea dakar»

Iruñea-Altsasu tarteari dagokion informazio azterlana kaleratu berri du espainiar Garraio Ministerioak eta arretaz aztertu du AHTren aurka diharduen Sustrai fundazioak. Egungo korridorea ez dela ia erabiltzen eta Oltza zendea «modu basatian zatitzen duela» salatu du.

Abiadura handiko trenaren aurkako mobilizazioa Altsasun, 2019. urtean.
Abiadura handiko trenaren aurkako mobilizazioa Altsasun, 2019. urtean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

AHTren egitasmoaren «azken kapituluaren» berri eman du Sustrai Erakuntza fundazioak: espainiar Garraio Ministerioak “Kantauri-Mediterraneo trenbide korridorearen proiektuaren informazio azterlana. Tartea: Iruñea-Altsasu” izeneko dokumentua aurkeztu du. 40 kilometroko ibilbidea hartzen du, eta Olazti, Altsasu, Urdiain, Iturmendi, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Arbizu, Lakuntza, Arruazu, Uharte Arakil, Irañeta, Arakil eta Itza izango ditu eraginpean. Aurretik, 2023an, antzeko azterlana kaleratu zuen ministerioak, Campanas eta Zuasti herrien arteko 22 kilometroko tarteari zegokiona.

Kezka handiz hartu du Sustraik dokumentu berri horren edukia. Hasteko, «Iza eta Arakil arteko hasierako 13 km-ko tarte komuna erakusten digu, erabat berria. Gero, 20 km inguruko bi alternatiba proposatzen ditu, iparraldekoa eta hegoaldekoa, Arakil eta Iturmendi artean, autobiaren bi aldeetan. Eta, azkenik, Altsasu eta Olazti arteko 7 km-ko azken zati komuna. Edozein hautabidetan, egungo korridorearen aprobetxamendua txikia da: estimazio eskuzabala eginda %40 eta %10 artekoa izango litzateke, alternatibaren arabera. Argi dago baztertu egiten dela egungo azpiegitura hobetzea eta ahalik gehien aprobetxatzea», ondorioztatu du.

Bestalde, «Iruñea eta Altsasu arteko azpiegitura berriaren inpaktuen azaleko errepasoa oso kezkagarria da. Oltza zendea modu basatian zatituta geratuko da plataforma berriarekin. Produktibitate handiko laborantza eremuak desagertuko dira Iruñerrian. Lurraren artifizializazioa handituko da: bi milioi metro koadro baino gehiago okupatu eta desjabetu nahi dira. Azkenik, AHT beste mehatxu bat izango da biodibertsitatearentzat, eta Natura 2000 Sareko espazioei eragingo die, hala nola Aralar eta Urbasa-Andia kontserbazio bereziko eremuei, balio handiko hariztiei...», azaldu du. Gainera, «trazadura berriak airean uzten du berriz ere Euskal Y-arekiko lotura», salatu du fundazioak. «Azterlanaren irakurketa azkar batek agerian uzten du egileek Gasteizera jotzen dutela, baina erabaki hori irekita uzten dute alderdi politikoek hainbeste maite dituzten negozio eta negoziazioen jokorako», aurreikusten du.

«INPOSAKETA»

«Ez dago asmorik behar dugun tren ereduari buruz eztabaidatzeko. Besterik gabe, alternatiba iraunkorrenak, ekonomikoenak eta lurraldearen aldetik eraginkorrenak baztertu egin dira. Eredu antiekonomikoa, antiekologikoa eta elitista inposatzen da eta kito», berretsi du. Sustraik gogora ekarri duenez, «2011tik 400 milioi euro baino gehiago inbertitu dira AHTn».