«Bikote ukiezinaren» harmonia darie Unai Lasori eta Albisuri
Hasi eta berehala 4-12 aurreratu ziren Binakako Txapelketako sailkapeneko buruak. Bigarren herenetik aurrera oso duin jokatu zuten Artolak eta Imazek, baina ez zuten sekula partida iraultzeko aukerarik izan, gehienetan menpean erabili zituztelako.

«Zen bikotea» dirudi uneotan Lasok eta Albisuk osaturikoak. Harmonia, lasaitasuna eta elkar bikain hartzea transmititzen dute biek ala biek, eta kontua ez da zortzi jardunaldiren ostean zazpi garaipen pilatu dituztela bakarrik, baizik eta nornahiren aurka erakusten duten sendotasuna, berdin defentsa lanetan dabiltzanean, eta bereziki atzo Donostian Artola eta Imazen aurka erakutsi zuten nagusitasuna erakusten duten aldietan.
«Elkarrekin gustura gabiltza. Elkarri asko laguntzen diogu eta bikote bezala asko ematen dugu. Izan liteke finalerdietarako sailkatzea orain gure helburua izatea, baina lasai hartu behar da. Etorriko dira une txarragoak, baina orain gozatzen ari gara», onartu zuen amaieran Albisuk.
Eta ez da gutxiagorako. Partidak aurrera egin ahala asko hobetu zuten Artolak eta Imazek beren jokoa eta duintasun handiz galdu zuten azkenean, baina une oro urdinen menpean izan ziren, Laso eta Albisu ukiezinak balira bezala.
HASIERATIK ETENA
Lehen tantoa Imazek eraman beharreko errestoa behera botata joan bazen, partidaren nondik norakoen berri emateko balio izan zuen bederen. Laso eta Albisu egurrean, Imaz “errekadista” lan gupidagabe horri erantzun nahian eta Artola, begira, edo modu txarrean erantzun bat eman nahian sartuz. Aurrean katramilatzen ez zuen lan handirik izan bikote urdinak, zuloa atzean zegoela hain nabarmen ikusi zutenez.
Artolak aurrean eskuin sotamanoz marrazturiko horma-biko batekin lortu zuen bere lehenbiziko tantoa. Lastima ordurako partida 3-10 urdinen alde izatea! Ez dagokie, izan ere, Laso eta Albisuri aurkariez errukitzea, eta Binakako Txapelketa honetako behin-behineko liderrek ederki ulertu dute hori hasieratik; ez atzo bakarrik. Ez du horrek esan nahi Unai Lasok ez zuenik aurrean ezer jakin nahi izan, baina lehenengo patxadaz landu zuten tanto bakoitza, jakinda Imazek gorriak ikusi beharko zituela maila horretako bi jotzaileren aurrean.
Aurreneko atsedenaldira 4-12koarekin iritsi ziren. Egin beharreko zuloa lehenengo herenean osatu zuen bikote urdinak eta handik aurrera gorriek beren maila asko igo bazuten ere, lanean zintzo demonio arituta mantendu zuten hasierako puska horretako diferentzia.
GORRIEN LANA
Irabazten eta galtzen jakitea ei da kirolariak ikasi beharreko kontuetako bat. Irabazteko ia itxaropenik gabe jokatu behar izan zuten Artolak eta Imazek hasieratik bertatik, baina ligaxkan ahalik eta posturik onena lortzeko, garaipenak eta galtzen diren neurketetan ahalik eta tanto gehien egitea komeni da, eta horretan saiatu ziren.
Ezin esan, era berean, Iñaki Artolak partida albotik begira pasatu zuenik. Alegiakoa saiatu zen ahal izan zuen bakoitzean sartu eta demari erritmoa aldatzen, baina oso behartuta ibili behar izan zuen gehienetan.
Artolak partidaren bigarren herenetik aurrera asko jokatu zuen eta Alegiakoak gorantz egin zuen neurrian egin zuen ere hoberantz Imazek. Ia beti menpean izan arren, Artolak jokoan sartzea lortu zuelarik arriskua sortu zuen. Laso eta biak zeinek tanto ederragoak sinatuko lehiatu zirela esan liteke, eta «bikote ukiezina» nagusitu bazen ere, Artolak oso neurri ona eman zuen.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
