GARAZI CASTAÑO
DONOSTIA

«Habana industrial», gazte kubatarren «erretratu bat» tekno gauan barna

Kuban zinema dokumentala ikasten ari zela deskubritu zuen Ainhoa Ordoñezek Habanako tekno giroko gau undergrounda. Bertan ezagututako gazteen ahotsak bildu ditu “Habana industrial” filmean, Zinebik euskal film labur onenaren saria emandakoan. Ziurtasunik gabe, noraezean dabilen belaunaldiaren erretratua da.

Ainhoa Ordoñez zuzendaria, prentsaurrekoan.
Ainhoa Ordoñez zuzendaria, prentsaurrekoan. (ZINEBI)

Kolpeak eta dardara lurrean. Iluna. Gau bat Habanan. Tekno erritmoko gaua. Baina baita zalantzak, kontraesanak eta itxaropen falta ere. Belaunaldi baten erretratua da “Habana industrial’’, Ainhoa Ordoñezek sinatutako film laburra. Marieta Colomo, Susel Legon eta Marti Albertekin batera Kuba, Bartzelona eta Euskal Herri artean sortutako filma da. Zinebi jaialdiko 67. edizioan euskal film labur onenaren saria jaso zuen. Espero gabeko saria izan zen: «Lan hau lau pertsonaren artean egin dugu; lagunen arteko jolas bat izan da kasik. Zinebiko laburren kalitatea ikusita, guretzat ikaragarria izan da saria jasotzea».

Zinebiren aurretik Suitzako Kurzfilmtage Winterthur jaialdian aurkeztu zuten lana. Kubako testuinguruaren inguruan ezagutza falta handia dagoela sumatu zuen bertan. «Niretzat ez da harrigarria, baina hemen jendeak ez daki ezer Kuban gertatzen ari denaz. Horren berri hemen izatea gustatuko litzaidake». Zinemaldian ere proiektatu zuten, eta Elias Querejeta zine eskolako bost ikasle kubatar gonbidatu zituen haien iritzia jasotzeko asmoz. Uste zuenaren kontra, haiek ere ezezaguna zen zerbait topatu zuten «Askok ez zuten tekno eszena ezagutzen. Harrituta zeuden, oso undergrounda zela zioten eta ez zutela sekula halakorik ikusi».

TEKNOA HABANAN

San Antonio de los Bañosen dagoen Nazioarteko Zinema eta Telebista Eskolan zine dokumentala ikasten jardun zen bi urtez Ordoñez. Eskolan igarotzen zituzten aste barruko egun guztiak. Asteburuan, bidaiatzeko ohitura zuten eta askotan joaten ziren Habanara. Musika elektronikoaren zalea da Ordoñez eta zaila zen Kuban musika hori zuzenean entzuteko tokirik aurkitzea. Asteburu batean Habanara eginkizun zehatz batekin egin zuten ihesaldia: festa elektronikoren bat topatzea. Fabrica de Arte Cubano-n aurkitu zuten bat, baina «oso artifiziala zen; porrota izan zen guretzat». Etxera joan aurreko garagardoa hartzera joan ziren. Bidean lurra dardarka sumatu zuten; «ezinezkoa zen, lurreko kolpeak pila bat nabaritzen ziren; garito txiki bat zegoen ondoan, baina ezinezkoa zen. Ia hutsik zegoen». Tabernatxo hartara sartu eta barran zegoen emakumeak beheko solairuan zela azaldu zien. «Eskailerak jaitsi eta atea ireki genuenean bost pertsona ikusi genituen dantzan argi estroboskopiko batekin. Gau osoa geratu ginen bertan; primeran pasa genuen». Taberna txiki hura ikusten da film laburraren hasieran. Beheko solairura jaisteko esan zien emakumea dago barraren beste aldean. Porrot zaporearekin hasitako gau hura izan zen film laburraren hazia.

Bekarik gabe ikasten ari zen, ordea, Ordoñez, eta Gasteizera itzuli behar izan zuen. Diru apur bat aurreztu eta bere kabuz itzuli zen Habanara. Hiru hilabete eman zituen bertan. Hasieran ikerketa egiten aritu zen, bertako jendearekin eta festetan murgiltzen. Marieta Colomo joan zen soinu grabazioarekin laguntzera ostean. Azken bi asteetan Susel Legon editore kubatarrarekin materiala ikusi zuten bertan. Marti Albertek soinu postprodukzioa egin zuen Bartzelonatik.

BELAUNALDI BERRIEN KUBA

Gazte talde batek ematen dio ahotsa Kubako belaunaldi berri bati film laburrean. Tekno gau horietan ezagututako gazteak grabatu zituen Ordoñezek. «Festa horietan ez zen jende gehiegi egoten; beti pertsona berdinak». Hasieran ez zuen besterik egiten, haiekin egoten zen, parranda elkarrekin egiten zuten eta asko hitz egiten zuten. Ostera hasi zen kamera eramaten; «baina jakinda grabatzen ari nintzena ez zela baliozkoa. Ateratzen nuen haiek jakiteko ni kamerarekin egongo nintzela eta gutxika harreman hori eraikitzeko nire posiziotik. Ez zitzaidan interesatzen haiek zuzenean hitz egitea kamerara. Orduan behar nuena zen haiek ohitzea ni bertan egotera, baina kamerarekin nengoenean ikusezin bihurtzea haien begietara». Erraza izan zen konplizitatea lortzea. «Kamera eraman arren, denbora gehiena haiekin pasatzen nuen, dantzatzen edo zeozer hartzen. Kamera soilik ateratzen nuen interesatzen zitzaidan zerbait ikusten nuenean. Orduan ulertzen zuten momentu horietan ez nintzela existitzen; bertan nengoen baina ez nuen parte hartzen. Besterik gabe. Uste dut oreka on bat aurkitu genuela».

“Habana industrial” lanean hainbat gazteren ahots eta hausnarketak entzun ditzakegu, festa elektronikoen hotsak eta dantzan diren gorputzen irudiak nahasten diren bitartean. Postalean agertzen ez den hiri gautarra erakusten digu filmak. Elkarrizketetan zalantzak eta kontraesanak nabarmentzen dira, gai askoren ingurukoak: komunismoaz, herriaz, Kubako ereduaren porrotaz, kapitalismoaren aukeraz eta arriskuez, pobreziaz, anarkismoaz, bizi grinaz, grina faltaz… Espektatiben gainbeheraz. «Bakoitzak gauza ezberdinak pentsatzen ditu; kontraesan pila bat daude, haien artean eta propioak. Eta uste dut hor badagoela ondo eraiki gabeko diskurtso bat. Haien zalantzei, beldurrei, kezkei buruz hitz egiten dute. Apur bat galduta sentitzen dira, ez dakite zer sinistu, haien sinesmenak zeintzuk diren edo non eta nola kokatu. Asko hitz egiten da, adibidez, erlijioaz, estatuari buruz, baita teoria ‘konspiranoikoen’ inguruan eta historiaz. Denbora guztian ari dira dena zalantzan jartzen». Gazte kubatarren esanak dira, baina munduko edozein gazteren kezkak antzeko hitzez janzten dira.

Hasierako asmoa Kubako tekno musikari buruzko dokumentala egitea izan arren, finean, film laburra «belaunaldi honen erretratua» dela uste du zuzendariak.