Francis denboralearen ufadek hotza utziko dute Euskal Herriko kabalkadetan
Francis depresioaren ufadek tenperatura baxuak ekarriko dituzte gaur Euskal Herriko herrialde guztietara, eta azken orduetan termometroek jaso dituzten minimoak are minimoago izango dira. Giro hotza izango da, beraz, goizean, eta arratsaldean, Errege Magoen desfileetan.

Francis denboraleak utzitako tenperatura baxuak izan dira protagonista azken orduetan, eta bihar hotzetik jarraituko du, tenperatura baxuak eta izotza espero baitira berriz ere egun osoan zehar eta herrialde gehienetan. Hala, gau osoan zehar indarrean egon den abisu horia aktibatuko dute berriz arratsaldean, hiriburuetan eta udalerri askotan Errege Magoen kabalkadak igarotzen diren ordutegiarekin bat eginez.
Elurragatik ezarritako abisu horia bertan behera geratu zen atzo arratsaldean, baina jarraian beste abisu hori baten berri eman zuten atzo, 18.00etan hasita, tenperatura baxuengatik eta izotza izateko arriskuagatik. Abisu horia bihar arratsaldean aktibatuko dute berriro, 18.00etatik aurrera, trantsizio eremuan eta Ebroko ardatzean, eta 21.00etatik aurrera Kantauri barneko eremuan. Nafarroan jaitsierak izango dira tenperatura minimoetan, eta izotz txikia orokortuko da iparraldean. Iparraldeko eta ipar-mendebaldeko haize ahula eta bizia ibiliko da, ziertzoarekin Ebron.
Atzo goizaldean, Arabako Herrera, Kapildui eta Zaldiaran estazio meteorologikoetan erregistratu ziren tenperatura baxuenak; zero azpitik, 5,9 eta 5,7 eta 4 gradu, hurrenez hurren; Bizkaiko Urduñan, -3,9 eta Urkiolan, -3,5; Gipuzkoako Jaizkibelen -2,4, eta Miramonen -1,6, Euskalmeten datuen arabera.
Euskalmetek jakinarazi zuenez, mendate bakar batean ere ez zegoen atzo elurrik, eta guztietan katerik gabe ibili ziren ibilgailuak. Hala ere, Lakuako Segurtasun Sailak kontuz ibiltzeko gomendioa azpimarratu zuen Aiurdin, Altube, Azazeta, Barrerilla, Bernedo, Gasteiz, Gatzaga, Herrera, Kurtzeta, Opakua, Urduña eta Zaldiaran mendateetatik igaro behar diren gidarientzat.
HOTZETIK ZAPARRADETARA
Gaurko eguna «oso hotza» izango dela dio Iker Ibarluzea GARAko meteorologoak eguraldi iragarpenean, eta azken orduetara arte egoera lasai mantenduko dela erantsi du.
Hodeiak eta ostarteak tartekatuz hasiko da eguna, eta ez du euririk ekarriko. Arratsaldeko lehen orduak antzekoak izango dira, baina azken orduetan Bizkaiko kostaldean barrena euriari ekingo diola azaldu du, azken orduetan elurra oso maila baxuetan izango dela gehituz.
Bihar zaparradekin hasiko da eguna, «giro hodeitsu eta kaskarrarekin», eta arratsaldean euri gutxi egingo badu ere, elur maila 200-300 metroren bueltan kokatuko dela dio Ibarluzeak Errege Magoen egunaz.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
