Arnaitz GORRITI
EMAKUMEEN ENDESA LIGA

Kutxabank Araskik logikarik izan ez duen derbia irabazi dio IDK Euskotreni

Donostiarrak erabat nagusitu ziren errebotean eta hirukoetan, baina jaurtiketa libreen marratik eskas aritu ziren, eta horretaz baliatu ziren arabarrak, azken laurdenean 2-14ko partziala kateatu eta azaroaren 29az geroztiko aurreneko garaipena lortzeko.

Eraunzetamurgilen partida bikaina Araskiren defentsak zapuztu zuen.
Eraunzetamurgilen partida bikaina Araskiren defentsak zapuztu zuen. (Jagoba Manterola | FOKU)

Bistan da euskal derbiek ez dutela inolako logikarik. Bigarren laurdenaz geroztik IDK Euskotren askoz hobeto aritu zen Kutxabank Araski baino, eta azken laurdenaren hasieran, puntuak horren garesti izan ziren neurketa honetan, 48-41 aurretik jarri ziren Maria Erunzetamurgilek bere uztaipean baloia ostu eta saskiratzea lortu ostean.

Baina arabarrek ez zuten bururik makurtu eta defentsa asko gogortu zuten -neurri handi batean epaileek nahiago izan zutelako falta izan ziren jokaldi asko ez eten; bi uztaipeetan, dena dela- eta gutxien espero zenean 2-14ko partzial bati esker denboraldiko bosgarren garaipena lortu zuten Made Urietarenek.

Hau da, azaroaren 29an Leganesen garaipena lortuz geroztik pilatuta zekarten bolada txarra eten zuten gasteiztarrek, Emakumeen Endesa Ligako sailkapenean arnasa sakon hartzeko halakoren batean. Bestalde, IDK Euskotrenek azaroaren 29 horretatik irabazi ezinik jarraitzen du. Dagoeneko sei porrot kateatu ditu eta eskuan zirudien Koparako sailkapena ia alferrik galtzen utzi du, aurreneko itzulia amaitzeko jardunaldi bat -asteazkenean, Zaragozan, gaueko 20.00etan- falta badu ere.

Nola liteke, ordea? Balorazioari so eginez gero, donostiarrek irabazi zuten: 59-44. Erreboteetan, Eraunzetamurgil (15 errebote hegalekoarentzat), Ejim (9), Faye (8) eta Muruaren (6) bitartez, ez zen kolorerik izan: 45-26. Donostiarrek gasteiztarrek halako bi hiruko sartu zituzten: 6-3. Baina, era berean, 17 baloi galdu zituzten, eta jaurtiketa libreetan etxekoek 7 ahaleginetatik bitan (2!) baino ez zuten asmatu, eta gasteiztarrek, 16tik 12tan, azkenek neurketari buelta ematea lortu zuten une erabakigarri horretan.

Ez da atzokoa Araskik denboraldi honetan atzetik aurrera joanda lortzen duen aurreneko garaipena. Leganesen aurka azken laurdenean 6-30 nagusitu ziren Made Urietarenak, eta 6-16 atzo. Gainera, Sami Hill, Mollenhauer eta Dornstauder oso jokalari arriskutsuak dira azken minutu horietan, oso seguruak baitira jaurtiketa libreen marratik. Eta hara non, egundoko garaipena erdietsi zuten arabarrek.

GARAIPENARI BELDURRA

Hamar puntutik gorako tartea ireki zuten gipuzkoarrek hirugarren laurdeneko zenbait tartetan, baina Kutxabank Araskik ez zuen etsi eta Azu Muguruzarenek larregi barkatu zuten.

Areago, 48-41ekoaz geroztik. Arabarrek defentsa estutu eta gipuzkoarrek beldurrez bezala jokatu zuten, zailena aurrez eginda bazuten ere. Hala ere, azken segundoetan berdinketa lortzeko parada galdu zuten. Eraunzetamurgilek 50-53koa ezarri ostean baloia ostu zuen etxeko taldeak, baina Sami Hillek berehala lapurtu zuen, eta Lahtineni pase bikaina eman zion jokalari finlandiarrak uztaipetik arabarren denboraldiko bosgarren garaipena ziurtatzeko, logikarik gabeko derbi eroan.

EGURRA VALENTZIAN

Lointek Gernika Bizkaiak lan txarrak zituen Valentzian: 87-53 galdu zuten Lucas Fernandezek entrenatzen dituen emakumeek.

Gernikarrek erraztasunak eman zituzten, aurreneko laurdena 14-18 irabazi arren: hirukoetan 21 ahaleginetatik 3 sartuz gero, nekez eman liteke ezustekorik Valentzia Basketen mailako talde baten aurka; are gutxiago, 16 jaurtiketa libre bota eta 6 bakarrik saskiratuta.