Aritz SANTAMARIA
Entrevue
Mikel Landa Meana
Soudal Quick-Step taldeko txirrindularia

«Berriz ere etapa bat irabaztea da nire ametsa»

Mikel Landa azken hamarkadan euskal tropeleko izen handienetariko bat izan da, baina Italiako Giroko lehen etapan izan zuen erorikoak asko mugatu du bere kirol urtea. Aurten bizitakoari errepasoa eman dio eta «gorabeheratsua» izan den denboraldia «nahiko txukun» bukatu duela azaldu du NAIZ irratiko uhinetan izandako elkarrizketan.

 Iñigo URIZ
Iñigo URIZ ( Iñigo URIZ | FOKU)

 

2024ko denboraldi «bikainaren» ondotik Soudal Quick-Step taldearekin urtebete luzatu zuen kontratua Mikel Landak (Murgia, 1989). Remco Evenepoel izar belgikarraren bizkartzain izan zen iaz, eta aurten Italiako Giroan sailkapen orokor on bat egitea eta etapa bat irabaztea zen bere helburua. Dena den, Albanian korritu zen Giroko lehen etapako eroriko batek dena okertu zuela onartu du NAIZ irratian. 2026ko denboraldia prestatzen ari da, «ilusioz eta gogotsu». Izan ere, Evenepoelek taldea utzi duela, txirrindulari euskalduna taldeko liderra izango da Giroan eta Tourrean.

Eroriko horren ondorioz, TH 11 ornoa hautsi zuen, eta horrek nabarmen murriztu du Landaren aurtengo ibilbidea: 7.000 kilometro egin ditu txapelketan, 45 egunetan. Iaz, adibidez, 11.000 kilometro baino gehiago egin zituen, eta aldea are nabarmenagoa da 2023 kirol urtearekin: 13.500 kilometro egin zituen txapelketan.

Nola aurkitzen zara 2026. urteari begira?

Ondo, errekuperatuta eta motibatuta sentitzen naiz; ilusio handiarekin hartzen dut urtea. Hasi naiz dagoeneko apurka-apurka datorren denboraldia prestatzen.

Azken boladan denbora libre gehiago izan duzu. Zertan igaro duzu?

Batez ere etxean igaro dut, etxeko kontuekin eta familiarekin gozatzen. Urtean zehar, zailago daukagu txirrindulariok senide eta lagunekin egotea. Hortaz, beraiekin disfrutatzeko momentua izan da.

Urtea amaitzear denean, balorazio orokor bat egiteko ohitura dago. Zer nolako balorazioa egiten duzu zuk?

Zaila da 2025az balorazio positibo bat egitea. Azken finean, denboraldia asko okertu zitzaidan. Zorionez, sasoi amaieran lehiatzeko aukera izan nuen eta Vueltan nahiko txukun amaitu nuen. Zerbaitekin gelditzekotan, horrekin geratuko nintzateke.

Has gaitezen hasieratik. 2024a urte oso ona izan ondoren, zer asmorekin ekin zenion 2025. urteari?

Kostatu zitzaidan motibazioa aurkitzea; 2024. urtea oso ona izan zen eta banekien hori gainditzea oso zaila izango zela. Adostu genuen taldearekin Giroan eta Tourrean parte hartzea. Giroan nire aukerak nituen lider bezala eta Tourrean Renco laguntzea zen xedea, baina lesionatu nintzenean dena okertu zen. Geroztik denboraldia moztu eta aldatu zen erabat.

Urtea hasteko Strade Bianche lasterketan ibili zinen eta 11. postuan amaitu zenuen. Zer oroitzapen dakarzkizu lasterketa horrek?

Oso polita da; beti izan dut egiteko asmoa, baina batzuetan arriskuak ez hartzeagatik edo egutegi kontuagatik ez zetorkidan ongi. 2025ean ausartu nintzen eta pena handia da oroitzapen hori soilik ez izatea.

2026an animatuko zara berriz ere Strade Biancheko proban parte hartzera?

Egia esan, ez dakit, baina gustatuko litzaidake errepikatzea. Airean dago Tirreno egingo dudan ala ez; proba hori egiten ez badut, zaila da Strade Bianchen egotea.

Giroa prestatzeko bide horretan, emaitza onak eskuratu zenituen, hala nola Tirrenon zazpigarren postuan eta Katalunian laugarren postuan geratuz. Zein zen Giroko helburua?

Sailkapen orokor on bat egitea. Irabaztea zailegia zen eta nire aurkariak gero eta indartsuagoak dira, baina podium bat egiteko aukera baneukan, nire ustez.

Lasterketaren garapena aztertuz, helburu hori lortzeko aukerak izan zenituen.

Lasterketa klasikoa izan zen, mendiko etapa garrantzitsuenak azkenengo astean zeuden eta horrek ahalbidetzen zuen sorpresa bat gertatzeko aukera. Gainera, oso ikasita neukan ibilbidea.

Nola gogoratzen duzu lesionatu zinen egun hura?

Oso egun tristea izan zen. Lan handia egin nuen aurretik, familiagandik urrun ibilbidea ikasten eta lasterketarako prestatzen. Une horretan ametsa bukatu zen. Gainera, lesio txarra izan zen; pena handia eman zidan nire azken aukera zelako Giroan zeozer inportantea lortzeko.

Albania agian ez zen leku aproposena lehenengo etapak hartzeko.

Erorikoa saihestea zaila zen, baina ondorioak murrizteko aukerak bazeuden. Kurba horretan ez zegoen inolako babesik eta zulo batean erori nintzen.

Kolpe fisikoa ez ezik, eragin psikologikoa izan zuen lesioak?

Hala da, bertan amaitu zelako sasoia, eta gauza positibo bakarra izan zen etxean eta familiarekin denbora gehiago igarotzeko aukera izan nuela.

Azken boladan, goi mailako kirolari ugarik aitortu dute alde psikologikoa ere prestatzen dutela. Zuk ere bai?

Nik ez dut sekula landu. Zorionez, nahiko ondo moldatu naiz eta ez dut presio hori sentitu. Senideak eta lagunak izan dira nire psikologoak.

Errekuperazio epeak murriztu zenituen eta hiru hilabeteren ostean berriz ere errepideetan zenbiltzan. Fisikoki nola heldu zinen?

Nahiko justu. Burua aurrera zihoan, baina gorputzak denbora behar zuen errekuperatzeko. Burgoseko Itzulia ez da oso gogorra, baina gero, Vueltan, arazo gehiago izan nituen.

Hain justu ere, Vueltako 11. egunean, Bilbo helmuga zuen etapan, min keinu nabariak egiten ikusi zintugun. Ez zinen ehuneko ehunean, ezta?

Nahiko murriztuta heldu nintzen. Errekuperazioa zaila da, eta lasterketaren bigarren aste hori oso gogorra izan zen; egunero zerbait zegoen eta ez nuen kasik denborarik behar bezala osatzeko.

Hizpide dugun etapan, Katalunian bezala, Palestinaren aldeko aldarriak eta genozidioa salatzeko protestak izan ziren. Nola bizi izan zenuten egoera hura?

Tentsio handiarekin, egia esan. Ez zen erosoa izan; herritarrek egindako protestengatik etapak eraldatu ziren, eta tentsio handia bizi izan genuen.

Israel Premier-Tech taldearen parte-hartzea jarri zen jomugan, «sportwashing»-a zela eta. Horretaz hitz egiten zenuten taldekideekin edo beste taldeetako kideekin?

Hitz egiten da horren inguruan, bai. Taldean badaude hamaika nazionalitateko txirrindulariak, eta denetariko iritziak zeuden; batzuk kontra, eta beste batzuk alde.

Israelek Gazan eta Zisjordanian hilketa masiboak egiten jarraitzen du. Zer iritzi duzu?

Genozidio bat da, zalantzarik gabe, eta egin ziren protesten aldekoa naiz. Barrutik beste era batera bizitzen da; guk aurpegia jartzen genuen, eta egoera deserosoa bizi izan genuen.

2026rako zein erronka nagusi dituzu?

Momentuz ez dugu argi, baina agian Girora eta Tourrera bueltatuko naiz. Erabaki egin behar dugu oraindik.