Banakako telelan akordioek ez dute askatasun sindikala urratzen
Auzitegi Gorenak berretsi du borondatezko telelana banakako akordioen bidez ezartzea ez dela askatasun sindikalaren aurkakoa. Epaiaren arabera, telelana ezin da hitzarmen kolektibo bidez inposatu, borondatezkotasuna funtsezkoa delako.

Espainiar Estatuko Auzitegi Gorenak baztertu egin du borondatezko telelan sistema langile bakoitzarekin egindako banakako akordioetan oinarritua ezartzeak askatasun sindikala edo negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen dituela. EFE agentziak eskuratu duen eta joan den azaroaren 11ko data duen epai batean, Gizarte arloko Salak gaitzetsi egiten du Alternativa Sindical de Clase sindikatuak 2024ko maiatzean Auzitegi Nazionalak emandako epai baten aurka aurkeztutako kasazio errekurtsoa.
Sindikatu horrek gatazka kolektiboko salaketa aurkeztu zuen, askatasun sindikalaren urraketa egon zela argudiatuz, Ayesa zerbitzu digitalen enpresak aldebakarrez erabaki zuenean borondatezko telelan sistema bat ezartzea, langile bakoitzarekin banakako akordioak eginda. Enpresak defendatu zuen koronabirusaren pandemiaren ondorioz, eta langileen osasunerako arriskuak kontuan hartuta, komenigarria zela, jardueraren eta proiektuaren aukeren arabera, lan presentziala eta telelana uztartzen zituen sistema bat ezartzea. Sindikatuak sistema berria baztertu zuen eta lan baldintzak langileen ordezkariekin negoziazio bidez adostu behar zirela eskatu zuen, kontrakoa egiteak askatasun sindikala urratzen zuelakoan.
Auzitegi Nazionalak lehenik, eta Auzitegi Gorenak orain, enpresaren erabakia babestu dute, ondorioztatuta ez dela beharrezkoa telelan akordioak eta haien baldintzak negoziazio kolektiboaren xede izatea. Horrez gain, epaiaren arabera, halako desadostasunak «ezin dira aztertu askatasun sindikalaren babeserako prozedura berezian, baizik eta ondorengo prozesu kolektibo edo indibidualetara bideratu behar dira».
Deskonexio digitalari dagokionez, Auzitegi Nazionalak azaldu zuen deskonexio digitalaren politika enpresak landu duela, langileen legezko ordezkaritzari entzun ondoren, eta deskonexiorako eskubideak sektoreko hitzarmen kolektiboaren bidez ezarri direla. Beraz, ez dela oinarrizko eskubide horren urraketarik gertatu.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
