Itxaso LEON
BILBO
Entrevue
ANA MEZO
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kidea

«Azken urteko pentsioen igoerek ez dute erosahalmena berreskuratu»

2026rako aurreikusitako pentsioen igoerak ez du pentsiodunen erosahalmena berreskuratuko, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren arabera. Plataformako kide den Ana Mezok salatu du pentsio txikienak dituztenak direla kaltetuenak, eta egoerari buelta emateko mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri du.

(GARA)

 

Espainiar Kongresuak ezkutu soziala barnean hartzen duen errege lege dekretua onartu ondoren, 2026ko urtarrilean pentsioek, oro har, %2,7ko igoera izango lukete, indarrean dagoen 21/2021 Legeak ezarritakoaren arabera, urtez urteko igoera aurreko urteko abendutik hurrengo urteko azarora bitarteko inflazioaren batezbestekoa kontuan hartuta kalkulatzen baita. Hala ere, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ohartarazi du igoera hori ez dela nahikoa pentsiodunek azken urteotan galdu duten erosahalmena berreskuratzeko, eta pentsioen balioa handitzea urteko erabaki politikoen mende egotea onartezintzat jo du.

Horren inguruan aritu da Ana Mezo pentsiodunen mugimenduko kidea NAIZ Irratian. Ohartarazi duenez, azken urteetako igoerak eta bizi kostuaren garestitzea alderatuta, pentsiodunak «galtzaile» ateratzen ari dira oraindik ere. 2023tik aurrera pentsioek kontsumo prezioen indizean oinarritutako igoerak izan dituzte, baina, Mezok azaldu duen moduan, erosteko ahalmenaren galera lehenagotik zetorren: «KPI bereziki altua izan zen 2022. urtean, eta ordutik pentsioetan aplikatutako eguneratzeek ez dute galera osorik konpentsatu, ez dira nahikoa izan bizi kostuaren igoera berdintzeko».

«PENTSIO BAXUENETAN GENERO ARRAKALA HANDIA DA»

Mezoren arabera, egoerarik okerrenean daudenak pentsio txikienak jasotzen dituzten pertsonak dira, eta bereziki emakumeak. «Pentsio baxuenetan genero arrakala oso handia da oraindik, eta hori ez da konpontzen ari. Genero arrakala oso handia da oraindik», nabarmendu du Mezok.

Nafarroan gutxieneko pentsioa 1.100 eurora igotzea urrats positibotzat jo du mugimenduak, baina Mezok argitu du oraindik «xehetasun garrantzitsuak konpondu gabe» daudela, eta neurriak ez dituela pertsona guztiak berdin babesten.

EAEko kasuan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak gogor kritikatu du Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztutako herri ekimen legegileari emandako ezezkoa. EAJren eta PSEren botoekin ekimena eztabaidatzera ere ez eramatea salatu dute. Mezoren ustez, eskumenik ezaren eta aurrekontu arazoen argudioak ez dira sinesgarriak: «Zerbitzu juridikoek hasieratik esan ziguten eskumena bazegoela, eta aurrekontuak lehentasunen arabera antolatzen dira». Ekimen horrek gutxieneko pentsioak eta gutxieneko soldata parekatzea proposatzen zuen, besteak beste. Kalkuluen arabera, Hego Euskal Herrian 200.000 pertsona baino gehiago daude gutxieneko soldata baino pentsio txikiagoak jasotzen: 160.000 inguru EAEn eta 50.000 Nafarroan.

Mezok egunerokoan pentsiodun askok bizi duten errealitatea ere azaldu du. «800 edo 900 euroko pentsioekin oso zaila da etxea berotzea, elikadura egokia bermatzea eta osasun gastuei aurre egitea. Eta neguan egoera hori asko kaskartzen da», adierazi du.

«Pentsio duinik gabe ez dago bizitza duinik», adierazi du, eta bizitza duin horrek etxebizitza egokia, elikadura osasuntsua, zaintza eta autonomia bermatzea eskatzen duela gogorarazi du.

«MOBILIZATZEN JARRAITUKO DUGU»

2026ari begira, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioekin jarraituko duela iragarri du. Gabonetako etenaren ondoren, urtarriletik aurrera berriro ere astelehenero kalera aterako dira. Urtarrilaren 15ean mugimenduaren zortzigarren urteurrena ospatuko dute, aldarrikapenak erdigunean jarrita, eta 19an ekitaldi erreibindikatzaile nagusia egingo dute. Horrez gain, Legebiltzarreko hiru batzordetan (Gobernantza, Lan eta Enplegu, eta Berdintasun batzordeetan) agerraldiak eskatu dituzte.

«Mugimendua bizirik dago, eta lanean eta mobilizatzen jarraituko dugu gure helburuak lortu arte», amaitu du Mezok.