Amaia EREÑAGA
BILBO
TANTTAKAREN ESTREINALDIA, ARRIAGA ANTZOKIAN

«Desobedienteak 18/98», oholtzaren talaiatik oroimen sakonera jaisten

Desobedientzia zibilari buruzko doktorego tesia defendatzen ari den ikerlari gazte batek Martin Luther King, Rosa Parks eta Gandhi aipatzen ditu. Baita gertuago ditugun beste adibide batzuk ere... esaterako, Joxemi Zumalabe Fundazioa. Bi hamarkada igaro direnean, 18/98 makroepaiketa oholtza gainera igo du Tanttakak, gaur estreinatuko duen «Desobedienteak 18/98» lanean.

18/98 auzia, taula gainean. Dokumentaletik asko du lanak.
18/98 auzia, taula gainean. Dokumentaletik asko du lanak. (Gorka BRAVO)

Arriaga antzokian gaur estreinatuko duten azken lanarekin ur sakonetan sartu direla bota diogu Mireia Gabilondo (Bergara, 1964) aktore, zuzendari, gidoigile eta zinemagileari. «Bai, jakina!», erantzun du Tanttaka antzerki talde beteranoko partaide eta buruak. Gaur egungo garai hauskorretan -mundua nola dagoen begiratu baino ez dago; are gehiago, Trumpek hankaz gora jarri ostean-, kulturak eta, nola ez, antzerkiak, mahai gainean jarri beharreko gaiak detektatu eta horiek oholtza gainean agertzeko ahalmena eta, areago, betebeharra izan beharko lukete.

“Desobedienteak 18/98”, euskarazko bertsioan (gaur, 19.30ean estreinatuko da), edo “Desobedientes 18/98”, gaztelaniazkoan (ostirala 9 eta larunbata 10), korronte horretan koka daitezke. Desobedientzia zibilaren zimenduetara garamatza lanak, eta bere funtzionamenduaren nondik norakoak zeharkatu eta egungo gizartean premiazkoa dela azaltzen digu. Eta, desobedientzia zibilaren kontrako erasoez mintzatuz, bada, horra 18/98 makroauzia.

AURREKARIAK

Fernando Bernues (Donostia, 1961) ekoizle, antzerkigile eta zuzendariak hauspotuta -Tanttakaren beste “hanka” da, Mireia Gabilondorekin elkarlanean-, Arriagan hiru egunetan egongo den antzezlana “josi” dute. Testua Maria Goirizelaiari (Bilbo, 1983) eskatu diote, egun gurean eta Estatu mailan izen handienetakoa duen dramaturgoa berau, “Altsasu” eta “Yerma” (La Dramatica Errante) lanen egilea. Ez da hau Bernues eta Gabilondo makroauzian murgildu diren aurreneko aldia; hain justu, “Egunkaria auzian” oinarritutako “Sisiforen paperak” antzezlanaren zuzendaria izan zen Bernues eta aktore lanak egin zituen Gabilondok. Harkaitz Canoren testu batean oinarritutako lan hura 2020. urtean estreinatu zen, Antzerkiz-ek -Arriagak, Gasteizko Principal antzokiak eta Donostiako Victoria Eugeniak osatzen duten elkarteak- eta Madrilgo CDNk (Centro Dramatico Nacional) ekoiztuta.

“Desobedienteak 18/98” Tanttakaren beraren ekoizpena da. Hemen osagai desberdinak jarri dituzte koktel-ontzian: memoria, gazteak, injustizia... Eta abiapuntua Joxemi Zumalabe Fundazioa da, erabat paradigmatikoa. 2005ean ehunka herritar eta hainbat enpresa eta elkarte -AEK, Joxemi Zumalabe Fundazioa bera, “Egunkaria” eta “Egin” egunkariak...- epailearen aurrera eraman zituzten. Euskal kulturari eta herri ekimenari ekarpen eskerga egin zien lagun haren izena duen eta 1996an sortu zen fundazio honen helburua herri mugimenduen ekarpena jasotzea eta aurrera ateratzea da, baina Baltasar Garzon epaileak, 18/98 auzia abiatu, eta desobedientzia zibilarekin «ETAren jarduna osatu nahi izan zuela» leporatu zion fundazioari. «Gehiago izan ziren auzipetuak, baina gu batez ere zentratu gara Joxemi Zumalabe Fundazioaren kasuan, zeren oso nabarmena da: ‘Dena ETA da’ aitzakia horrekin, hamar urte izan zituzten zain, eta badakizu zer den hori? Hamabost egunean behin joan behar zuten Madrilera sinatzera, gero ezin ziren kanpora atera, familia arteko beldurrak eta hainbeste gauza zeuden... Eta nahiz eta gero libre atera, guzti hori pasa duzu, eta hori oso gogorra da», gogorarazi du Mireia Gabilondok.

Latza izan zen, baina gizartearen memoria, askotan, likidoa da. «Kontatu nahi genuen jende askok ez dakielako ezer horri buruz, edo gazteak direlako, edo ez dakit zergatik. Baina azken garaiotan, honi buruz mintzatzean, ohartu gara jende askok ez duela hau buruan. Eta interesgarria iruditzen zaigu, are eta gehiago, gaur egun egitea», jarraitu du.

LAU PERTSONAIA, HAINBAT ISTORIO

Abiapuntuan, beraz, emakume gazte bat: Ainhoa (Miren Arrieta, gaztelaniazko bertsioan; Aiora Enparantza, euskarazkoan), berriki Politika Zientzietan doktoregoa lortu duen gaztea, doktorego tesia defendatzen ari da epaimahai akademiko baten aurrean. Bere tesia lantzeko lau pertsonaia izango ditu lagun -bertsio guztietan berberak: Iñigo Azpitarte, Klara Badiola, Kepa Errasti eta Omar Somai aktoreak-, historian zehar gertaturiko desobedientzia zibileko kasuak eta horiei esker egin diren lorpenak erakusteko; Martin Luher King, Lemoiz, Nafarroako Aroztegia agertuko dira, besteak beste.

Antzerki dokumentalaren generotik asko duen lan honek fikzioarekin eta errealitatearekin jolas egiten du. «Fikzioa egin dugu, nahiz eta oso oinarrituta dagoen gertatu zen horretan. Izenak aldatu ditugu, gauzak libreago sentitzearren», argitu du zuzendariak. Baltasar Garzon epailea, gaur egungo “askatasunaren defendatzailea” dena, fikzioan Baltasar Lizon da. Zumalabe, Joxerra Zabaleta.

«Aspalditik zeukan Fernandok honi buruz hitz egiteko gogoa. Eta urteak pasatu dira; buruan bueltaka zuen, nondik hartu, nondik jo... eta hiruzpalau urte dira heldu ziola, batez ere bera. Zumalabe Fundazioko jendearekin harremanetan jarri zen eta elkarrizketa eta enkontru batzuk izan zituzten. Lagunak ere baditugu bertan eta bilera batzuk egin genituen. Hurrengo pausoa zen ea nork idatziko zuen testua eta Maria Goirizelaiari esatea pentsatu genuen. Fernandok jarritako iritziekin lehenengo testua idatzi zuen eta, behin testua idatzita zegoenean, hor sartu nintzen ni, Fernandok eta biok egingo genituelako zuzendari lanak», argitu du Mireia Gabilondok. Uztailean hasi ziren entseguetan eta, geldialdi baten ostean, azaroan berriz heldu eta «orain, ba hementxe gaude estreinaldiaren atarian», azaldu du.

Eta zer nolako harrera espero dute? Estatu mailan egoera ez da gozoa. Euskal Herrian dagoeneko 40 emanaldi dituzte lotuta; urtarrilean, 16an Eibarren, 23an Zarautzen eta 29tik otsailaren 1era Donostiako Dferian izango dira. «Hor programatzaileei erakusteko aukera izango dugu, eta gero ikusiko da zer iruditzen zaien eta zer egiten duten iruditzen zaien horrekin», esan du zuhur Gabilondok.