Aita, ama, handia naizenean pilotaria izan nahi dut
Haurtzaroan egin ohi zaigun lehen galderetako bat da zer izan nahi dugun handiak, edo helduak, garenean. Urte batzuk geroago «izango garena», ordea, hil amaierara iritsi ahal izateko goiz jaikitzea da, guk eta gureek ekonomikoki bizirauteko edo ditugun gutiziak asetzeko beharrezko eginbehar bat izanik iratzargailua jartzea gauero, bost axola zaigun sektore bateko enpresa baten irabaziak loditzeko ahal dugun hobekiena eginez, eta ahal dugun arduratsuenak izanez, funtzio hau burutzeko inolako talentu berezirik ez dugula jakitun izan arren, 40 orduz astea joan eta astea etorri.
Horixe da batzuontzat lana, ogibidea, «beharra», Bizkai inguruan dioten moduan. Ederra zaplaztekoa. Beste batzuentzat, baina, zerbait gehiago ere bada: bokazioa, talentua, mundu honetan duten euren papera eta gainontzekoek jarriko dioten etiketa. Klase soziala ere definitzen duena. Honi buelta bat gehiago eman eta gailurra jo dutenak ere badaude: txikitako ametsa betetzen ari direnak, txapela irabazi dutenak.
Eskumuturrean ebakuntza bat egin eta berragerpenean zorigaiztoko eroriko bat jasan ondotik, eskafoide deituriko hezur bat hautsi zuen pilotari profesional batek duela hilabete batzuk. Erretiroa hartzea erabaki du enpresarekin akordio batera iritsita, 30 urte besterik ez dituela. Pena bat.
Berak ziurrenik ez, baina gogoan dut mutil honek, ni baino urte bat gazteagoa izan arren, infantil mailan geundenean 18-3 irabazi zidala norgehiagoka zirraragarri hura −hiru tanto egin nizkion, aizu, ez dago horren gaizki−. Bere izenarekin geratu nintzen, atentzioa eman zidan-eta bere mailak: Xabi Tolosa deitzen zen, Anoetakoa. Jarraitu egin dut ordutik.
Ez dut sekula ahaztuko ere, ni jada aspaldi erretiratuta −edo pilotak ni erretiratuta, hobeto esanda−, duela urte batzuk, bere kirol ibilbideko gailurrean zela, lesio bategatik Binakako finalerdi bat bertan behera utzi behar izan zuen hura, partida irabazteko zorian egon arren. Zenbat ordu, zenbat lan gogor, zenbat kilometro berak eta bere gurasoek, gaztaroko gauza eder batzuk sakrifikatuz. Hunkitu egin ginen ni eta beste pilotazale mordo bat une hartan telebistaren beste aldetik; horien artean, bere egun horretako aurkarietako bat zen Aitor Elordi bera, finalerako txartela lortu arren. Triste egongo da egunotan akaso, baina bejondeiola eta zorionak Xabiri lortutakoagatik, txikitako ametsa betez txapel hau irabazteagatik, ez baita gutxi. Eta, nola ez, belaunaldi berekoak ditugun Iker Irribarria eta Danel Elezkano ere gogoan ditut egunotan, arrazoi berberagatik goiz xamar pilota utzi behar izan zuten beste bi pilotari aparta.
Lerro hauek idazten ari naizen bitartean, bestalde, igande goiz euritsu batez, sekulako erakustaldia ematen ari da, beste behin, 18 urte besterik ez dituen Enara Gaminde Emakume Master Cup txapelketako finalean, pilotalekuko harmailak adin orotako jendez beteta daudelarik. Haurrak barne. «Patxaran kopa, purua eta apustuak» estigma txoroa duen eta euskaldun askorentzat horren gurea den kirol ikuskizun honetan, oso maskulinizatua eta kutsu folkloriko zaharkitu batekin oraindik, tamalez, itxaropenerako lekua badela erakusten dio bati honek, badirela Euskal Herri osoan zehar euren ametsa lortzeko ahaleginetan ari direnak. Prozesuaz disfrutatzen ari direnak. Gauero iratzargailua jarri beharreko liturgia hori irribarretsu egiten duten haur, mutil zein neska, pilotariak.
Ez dadila haria eten.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
