G.I.
HERNANI
RENTAL FAMILY

Alokatutako harremanak, benetako emozioak

Pertsonak “alokatzen” dituzten 300 enpresa inguru daude Japonian. Hikari zuzendari japoniarrak 1980ko hamarkadan sortu zen fenomeno hori baliatuko du gaur egungo gizarteak bizi duen bakardadeari buruzko hausnarketa hunkigarri baten abiapuntu gisa.

Gaur egungo Tokion girotuta, Brendan Fraserrek antzezten duen aktore estatubatuar bat da “Rental Family” filmeko protagonista. Zazpi urte daramatza hirian lanean, hortzetako pastaren iragarki arrakastatsu batean parte hartu ondoren, baina ordutik bere bizitzari norabide edo zentzu bat aurkitzeko borrokan ari da. Egoera horretan, ezohiko lan bat onartuko du: Japoniako “alokairuko familien” agentzia baterako aritzea, ezezagunentzat ordezko senide edo lagunen rolak interpretatzen.

«Tokio bezalako hiri handi batean oso isolatuta senti zaitezke. Hitz egin nuen pertsona bakoitzak konexioa bilatzen zuten», azaldu du Hikarik. Zuzendariaren ustez, negozio mota horrek izan duen gorakada Japoniako bakardade modernoarekin eta osasun mentaleko zerbitzuetarako irisgarritasun eskasarekin lotuta dago.