Markeliñek «Hodei guztien gainetik» ikuskizuna estreinatuz hasiko du urtea

41 urteko ibilbidea bete berritan, Markeliñe antzerki talde bizkaitarrak “Hodei guztien gainetik” ikuskizunaren estreinaldiarekin hasiko du urte berria. Antzezlana haur eta familientzat sortua da eta bi ardatz dituen mezu boteretsu bat zabaltzen du: gure seme-alabekin denbora igarotzeak duen balioa eta jolas librean bidelagun izatearen garrantzia, haurrek estreinakoz deskubritu behar dituzten gauza zoragarri guztien ikasketa geldoa sustatzeko.
1984an sortutako Markeliñek testua alde batera uzten duen lengoaia propioa aurkitu du, aktoreen keinuez elikatzeko. Objektuei, estetikari eta mugimenduari buruzko ikerketa sakona da bere ibilbidearen bereizgarri, kritikaren eta ikusleen txaloak jaso dituena.
Jolasaren plazera ahaztu duen aita bat da antzezlaneko protagonista. Lanaren errutinan murgilduta bizi den aita hori, egun batean, zorabio bat jasan ondoren, kartoizko hodeien artean esnatuko da. Bertan kaleko aingeru bat bizi da. Pertsonaia magiko horrekin garatuko duen harremanaren bidez, aitak galdutako inozentziaranzko bidaia hasiko du.
Estreinaldia bihar egingo da, 17.30ean, Zornotza aretoan, eta gero Euskal Herriko hainbat antzokitan zeharreko bira hasiko du. Estatu espainolean ‘‘Nubes de cartón’’ izenburupean ateratzea espero dute.
Maite Bayonek eta Fernando Baradok antzeztuko dute ‘‘Hodei guztien gainetik’’ testurik gabeko ikuskizuna, Markeliñek hain berezko duen lengoaia eszenikoan egituratzen dena. Hala, manipulazioa, sorpresa bisualak, keinu zaindua eta harriduraren bilaketa batuko ditu lanak.
Obraren zuzendari artistiko eta Markeliñeko sortzaileetako Iñaki Egiluzek honela azaldu du: «Ikuskizun hau, gure gainontzeko lanak bezala, jolas sortzailearekiko dugun pasiotik sortu da. Asko dibertitzen gara keinuekin edo materialekin esperimentatzen eta harritzen gaituzten egoerak eta figurak deskubritzen. Hori guztia publikoarekin partekatu nahi dugu. Gainera, beti dago komunikatu nahi dugun ideia nagusi bat. Kasu honetan, gurasoei gonbidapena egingo diegu, seme-alabekin ahalik eta denbora gehien igaro dezaten».

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
