Zinemaren historiara egindako bidaia

Richard Linklaterrek, bere ibilbide zinematografikoan, etengabe josi ditu gai eta estilo jakin batzuk, hari fin baten moduan film batetik bestera eramanez. Bere obra osoaren gainean dantzan ari den gai nagusia denboraren igarotzea da: denborak pertsonaiengan uzten duen arrastoa eta eragina.
Zuri-beltzean filmatutako “Nouvelle Vague” proiektua Linklaterren ohiko filmografiatik zertxobait urruntzen bada ere, ikuslea beste lurralde interesgarri batera eramaten du: zinemaren historiaren bihotzera. Hitzaurre baten ondoren, ‘‘Cahiers du Cinéma’’ aldizkariaren erredakzioa ikusiko dugu, Parisko zinemazaletasunaren epizentroa, eta bertan Jean-Luc Godard (Guillaume Marbeck-ek antzeztua) agertuko da, Nouvelle Vague mugimendu frantziarreko kide bakoitzarekin batera.
Hortik aurrera, Linklaterrek, 1959ko Parisera garamatza, Godardek zuzendu zuen “À bout de souffle” (gaztelaniaz “Al final de la escapada’’) mitikoaren filmaketara. Aldi berean, Nouvelle Vague mugimendu frantziarraren jaiotzaren atzean dagoen istorioa aletuko du zuzendariak, sormen eta ausardia handiko une erabakigarri hura berriz piztuz. Hogei egunetan egituratuta dago kontakizuna, filmaketak iraun zuen egunetan hain zuzen ere.
ZINEMARI MAITASUN GUTUNA
Zuzendariaren esanetan, aspaldi, 20 urte besterik ez zituenean, bere burua eleberrigile edo dramaturgo gisa irudikatzen zuen. «Niretzat zinema Hollywood zen, besterik ez. Oso gustuko nituen filmak, baina ez zitzaidan inoiz burutik pasa nik neuk egitea. Hala ere, ‘À bout de souffle’ ikusi nuenean, pentsatu nuen: Orduan posible al da? Askatasun horrek liluratu egin ninduen. Ez nekien ezer zinemari buruz, baina filma hain zen bikaina, alaia eta iraultzailea…». Zuzendariaren adierazpenek argi uzten dute “Nouvelle Vague” egiteko arrazoia.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
