Maider IANTZI GOIENETXE
BILBO
EH BILDUREN BATZAR NAGUSIA

«Distantzia siderala dago herritarren eta eliteen kezken artean»

«Ezberdintasunak baino, goazen adostasuna azpimarratzera», defendatu du Arnaldo Otegik EH Bilduren batzar nagusian. «Bat gatoz Euskal Herria zazpi lurraldez osatzen dela, nazio bat dela, geroa libre erabakitzeko eskubidea duela...». Estatuko hauteskundeetan herri gisa jokatzeko hautua berretsi du. Horrez gain, elkarrizketa nazionalaren lehen ondorioa ere plazaratu du.

Arnaldo Otegi Mondragon, EH Bilduko idazkari nagusia, batzar nagusiko hitzaldian.
Arnaldo Otegi Mondragon, EH Bilduko idazkari nagusia, batzar nagusiko hitzaldian. (Jon URBE | FOKU)

«Jaiotzear dagoen eta gustuko ez dugun mundu berri honetan», Arnaldo Otegi Mondragon Euskal Herria Bilduko idazkari nagusiak «herrien askatasuna, burujabetza, autodeterminazioa eta bakea» bultzatzeko konpromiso irmoa baieztatu zuen, «gaur eta beti». Ohiko politikatik «zarata asko, lokatza, askotan irainak» jasotzen dituztela adierazi zuen atzo, koalizio abertzalearen batzar nagusian, Bilboko Bizkaia Aretoan. Baina, horren aitzinean, Euskal Herriari buruz mintzatzea eta beren proposamenak defendatzea da egindako aukera.

Kontatu zuenez, ohiko politikatik harago, laudorioak ere jasotzen dituzte. Azkenaldian, bi lore jaso dituzte, pribatuan bada ere. Bata, ezkerraren barnean «espazio lasai, askotariko eta arduratsua» dela EH Bildu. Bertzea, ezker bakarretakoa dela Europan ikuspegi estrategikoa duena eta epe luzean begiratzen duena. «Printzipio eta balore horietatik etorri gara etorri garen momentura; hori da EH Bildu, askotarikoa, lasaitasuna mantentzen duena, herria erdian eta begirada luzearekin», laburbildu zuen.

Hortik, azken batzar nazionalean, beren proiektu nazional askatzailea erdian jartzea erabaki zuten. «Erdigunea ez delako sigla bat; Euskal Herria da, euskal herritarren gehiengo sozialek dituzten interesei aurre egitea da. Horrela ekarri dugu Euskal Herria ekarri dugun tokira. Balore horretatik, lehenengo herria eta gero alderdia, ekarri dugu EH Bildu Euskal Herriko lehen indar politikoa izatera. Horri aurre egingo diogu, ardura eta apaltasun osoz», agertu zuen.

Elkarrizketa nazional bat martxan jarri zuten joan den irailean, Hego Euskal Herrian. «Apaltasun ariketa bat egiten ari gara, gure diagnostikoa partekatzen eta, gehienbat, entzuten: ados dauden ala ez, zer ekarpen dituzten, zer kezka eta erronka... Oso aberasgarria da, asko ikasten ari gara».

Atera duten lehenbiziko ondorioa honakoa da: «Eliteek planteatu nahi dituzten eztabaida markoak eta herritarrek dituzten kezka eta erronkak ez dira berdinak. Distantzia siderala dago bien artean».

EH Bilduk argi du bere ardura herriarekin eztabaidatu, ikasi eta politika publiko alternatiboak planteatzea dela. Etxebizitza, bizitzaren garestitzea, euskara, burujabetza... Horiek dira herriaren kezkak eta horiekin lotuko du koalizioak bere jarduera.

NOIZ BAINO, ZER

Makina bat aldiz galdetu diete hedabideetara doazenean noiz izanen diren hauteskundeak. Datozen hauteskundeak martxoan izanen direla erantzun zuen Otegik; Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, hain zuzen.

Bigarrenik, galdera hori espainiar hauteskundeekin lotzen dela erran zuen. Baina «afera ez da noiz, baizik eta bakoitzak zer proposatzen dugun. Guretzat espainiar hauteskundeak aukera bat dira Hego Euskal Herriko hauteskunde bilakatzeko, euskal herritarrek beren borondatea adierazteko. Horretarako hautetsontziak beraiek jarriko dizkigute, gainera lurralde zatiketa gaindituko dute, Cortesetik Hondarribira», azaldu zuen.

«Ezberdintasunean azpimarra jarri beharrean, goazen adostasunean jartzera», planteatu zuen Otegik. «Bat gatoz Euskal Herria zazpi lurraldez osatzen dela, nazio bat dela, bere etorkizuna libre erabakitzeko eskubidea duela, euskara gure hizkuntza nazionala dela... Estatuaren aurrean, guk herri bezala jokatzea nahi dugu eta programa horren atzean milioi bat euskaldun jarri nahi ditugu esateko: ‘Hau da herri honen borondatea’», adierazi zuen. Txalo zaparrada batekin erantzun zioten koalizioko kideek.

HARRO ETA ESKERTUTA

Egiten ari diren bidearekin «oso harro» agertu zen idazkari nagusia. «Ni duela hamar urte hasi nintzen etxe honetan, kartzelatik aterata. Munduaren eboluzioa ikusita, fronte zabal bat eratu behar da gutxieneko programekin. Ez da guk asmatutako formula bat, baina munduari erakuts diezaiokegu».

Hamar urteren ondoren, eskerrak eman zizkien hori posible egin duten guztiei, «herrien interesak bakoitzaren interesen gainetik jarriz eredugarri izateko gai» izan direlako, «espazio hau lasaitasun espazio bilakatu» dutelako, «ikuspegi luzekoa».

Nabarmendu zuenez, hori da EH Bilduren arrakasta eta hortik jarraituko du fronte zabal hau are gehiago zabaltzen, guztiak printzipio eta balore berdinetan aritzeko. «Auzolanean lan militante bat egiteko gaude hemen, Euskal Herria beste agertoki batera eramateko maila nazional eta sozialean», nabarmendu zuen.