Maider IANTZI GOIENETXE
TXILLARDEGIRI ETA JONE FORCADARI OMENALDIA

Txillardegi eta Jone Forcada gogoan, aitortza ofizial eske

Hamalau urte dira Txillardegi zendu zela eta hamalaugarren aldiz eskatu dute Donostiako Udal Liburutegiari haren izena jartzeko. Antiguan atzo egindako ekitaldia berezia izan zen, hil berri den Jone Forcada ere omendu zutelako, «etengabeko militantea, injustizia ororen aurka borroka egin zuena». Bien ala bien ekarpen handiaren gaurkotasuna azpimarratu zuten.

Lehenbiziko irudian, Txillardegiri eta Jone Forcadari eskainitako aurreskua, erasotako Txillardegiren horma irudiaren ondoan. Bigarrenean, Pako Sudupe hizkuntzalari eta idazlea bere hitzaldian.
Lehenbiziko irudian, Txillardegiri eta Jone Forcadari eskainitako aurreskua, erasotako Txillardegiren horma irudiaren ondoan. Bigarrenean, Pako Sudupe hizkuntzalari eta idazlea bere hitzaldian. (Jon URBE | FOKU)

«Gaskonia plaza» jartzen du kartel ofizialean, baina «Txillardegi plaza» idatzi du herriak. Idazle, politikari eta euskaltzalearen horma irudia faxisten margo gorriz zikindua ernatu zen bezperan, eta ez zuten ekitaldirako garbitu, erasoa ikus zedin. Poliki-poliki jendez bete zen plazatxoa, hamalaugarren urtez, hutsik egin gabe, Jose Luis Enparantza Txillardegi omentzeko eta harentzat aitortza instituzionala eskatzeko. Zehazki, Donostiako Liburutegi Publikoari haren izena jartzea galdegin zuten. Aurtengo ekitaldia ezberdina izan da, berezia, Jone Forcada aktibista, gure herriaren eta hizkuntzaren alde Txillardegirekin eskuz esku lan egin zuena, justiziaren aldeko borroka guztietan ibilia, ere omendu baitute. Joan den urrian hil zen, bizi izan zen bezala, burujabe, eutanasiaren bidetik, duintasunez.

Txillardegiren eta Forcadaren lanaren gaurkotasuna azpimarratu zuten atzo, eta biei erakutsi zieten esker ona. «Badugu zer ikasia iraganetik». Euskararen hirugarren pizkundea aipatu zuten, eta «irekia eta ausarta» izan beharko duela azaldu zuten.

HEZUR ETA MAMI

Janitz Enparantzaren eta Natale Buenoren aurreskuaren ondotik, Pako Sudupek hartu zuen hitza. Euskal filologoa, idazlea, irakaslea eta hizkuntz teknikaria da. Oroitu zuenez, ETAren sorreran parte hartze garrantzitsua izan zuen Txillardegik. Abertzale independentista bezain euskaltzalea zen. Hezur eta mami, biak josi zituen». Hamazazpi urtera arte ez zekien euskaraz. Donostiako burgesiak mespretxatutako hizkuntza zen euskara eta gurasoek ez zioten erakutsi, biek jakin arren. Horretaz jabetu orduko ekin zion ikasteari eta herri honentzat alternatiba bat eraikitzeari.

Forcadari ere oroitzapen esker oneko bat eskaini zion Sudupek: «Ez da ondo geratu nahia esatea Jone Forcada ikaragarri inportantea izan zela Jose Luisentzat. Gugan bego!».

ERRESUMA HIZKUNTZA

Txillardegik duela 60 urte idatzi zuen “Huntaz eta hartaz” artikulu antologikoaren pasarte bat irakurri zuen hizkuntzalariak: «Euskararekiko maitasuna dugu abertzaletasunaren termometrorik seguruena (...). Ezaguna da euskaldun askoren euskararekiko nagitasuna. Euskal Herrian edozein hizkuntza izan da erresuma hizkuntza euskara izan ezik (...). Euskara benetan eta laster euskaldunen zerbitzura jarri behar dugu, edo geronek hil. Erresuma hizkuntza egin behar dugu euskara».

Euskara batuaren aita izan zen Txillardegi, eta borroka politiko abertzalean ere lan izugarria egin zuen. Sudupek esan zuenez, hemen ez zaio Txillardegiri kasurik egin eta euskara politikatik aldentzen saiatu dira agintariak. «Horrek larrialdi linguistikora eta autonomismora ekarri gaitu».

INJUSTIZIA NON, JONE HAN

Agustina Pontestaren hitzaldia hunkigarria izan zen, Jone Forcada zendu zenean berari idatzitako testua irakurri baitzuen. Euskal filologoa, itzultzailea eta irakaslea da, Txillardegiren eta Forcadaren hurbileko laguna eta burkidea. «Zeinen handia izan zaren, Jone! Bizitza osoan etengabeko militantzian. Inor aktibista izan bada, zeu izan zara azkenera arte. Injustizia non, Jone beti han».

Lagunak gogoratu zuen Forcadak anonimotasuna eta jendartea maite zituela, eta Txillardegi zendu zenean, aitortzak jasotzea egokitu zitzaionean, ezkutatu egiten zela batzuetan; bertzeetan, ordea, esker hitzak erraten zituen, eta ez nolanahikoak.

Donostiako ikastolen sortzaileetakoa eta lehen andereñoetakoa izan zen. UEUren, Euskal Herrian Euskaraz-en eta Bagera elkartearen sorrera bultzatu zuen. Borroka guztietan murgiltzen zen: euskararen aurkako epaiei aurre egiten zien, presoen alde agertzen zen, AHTren kontra, emakumeen alde, heriotza duina aldarrikatzen zuen, edota Palestinaren askatasuna.

MEMORIA EUSKALDUNA

Fito Rodriguez idazleak biribildu zuen ekitaldia, eta hitz egiten dugun euskara, irakurtzen dugun literatura, soziolinguistikako metodoak... guztiak Txillardegirengandik datozela ohartarazi zuen. «Zer esanik ez politikoki; Euskal Herria ez da herritarren herria, euskararena baizik».

«Memoria partekatuago eta euskaldunago baten alde» lanean segituko dutela agindu zuen. Revuelta, Etxebeste eta Azkena Zutik-en musikarekin amaitu zuten, “Txikia”, “Txillardegi liburutegia” eta “Euskal Herrian Euskaraz” abestuz.