Iraitz MATEO GOGORZA
TXOTX DENBORALDIAREN IREKIERA

«Txotx» eginez topa, euskal selekzioen alde

Abian da 2026ko txotx denboraldia. Petritegi sagardotegiko upeletik eman zuten atzo eguerdian lehen tragoa, eta apirila bitarte han eta hemen egongo da euskal sagardoaz eta usadioaz gozatzeko aukera. Aurten Euskal Pilota Selekzioa arduratu da denboraldiari irekiera emateaz, eta lortutako ofizialtasuna ospatu zuten upelen artean.

Euskal pilotariak izan dira txotx denboraldia irekitzeko protagonistak.
Euskal pilotariak izan dira txotx denboraldia irekitzeko protagonistak. (Jon URBE | FOKU)

Sagarrak eta pilotak antzekotasunak omen dituzte. Bada, biak elkartu zituzten aurtengo Sagardo Berriaren Egunean, Euskal Pilota Selekzioa arduratu baitzen txotx denboraldi berriari hasiera emateaz, atzo. «Gure sagardo berria» egin zuten oihu usadioari jarraituz, Astigarragako Petritegi sagardotegian. Eta horrekin batera, upeltegiko giroaz gozatzeko, ateak ireki zituzten.

Astigarragako Erribera Kulturgunean elkartu ziren pilotariak, Sagardoaren Lurraldeko kideak eta instituzioetako ordezkariak. Eta aldarriz busti zen sagardotegi denboraldia abiatzeko festa. 2025a ospatzeko urtea izan dute Euskal Pilota Selekzioko kirolariek, aurrenekoz Euskal Selekzio gisa aritzeko aukera aitortu baitzitzaien, eta Nazioen Ligan jokatu berri dute. 2026a ere ongi hasi dute, denboraldiko aurreneko upeletik topa eginda.

Joxe Mari Mitxelena Euskal Pilota Federazioko presidenteak pilotaren eta sagardoaren arteko antzekotasunak nabarmendu zituen. Sagar bat eta pilota bat eskuan hartuta izendatu zuen lehendabizikoa: tamaina. «Modalitateei» ere erreparatu zien, pilotak 30 bat dituelako, eta sagarretan ere asko daudelako: «Horietako bat da xistera -eskuan hartuta azaldu zuen-, 1857an jokatu zen lehen aldiz, eskuan min hartuta zegoen pilotari batek tresna hori hartu zuelako; izatez sagarrak biltzeko bakarrik erabiltzen zen ordura arte». Eta gehitu zuen euskal pilota ez dela kirola bakarrik: «Sagardoarekin eta bertsolaritzarekin batera ondare bat da».

Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak beraien etxeetako ateak «eskuzabaltasunez» ireki izana eskertu zien sagardogile guztiei, eta kirolariei euskal selekzioarekin lehiatzearen hautua eskertu zien: «Espainia edo Frantzia bezalako estatuetan laguntza handiak egoten dira kirol ibilbidean urratsak egiteko, ez da gure kasua, horregatik balio du gehiago zuen erabakiak».

Xabier Arruti Gipuzkoako Lurralde Oreka Berdeko diputatuak «anbizioa» erabili zuen sagardogileen eta pilotarien arteko lotura egiteko: «Biak produktu edota kirol zaharrak dira, baina ekimen berriak dituzte, hori da zaharraren eta berriaren oreka. Anbizioak ere lotzen ditu, Euskal Sagardoa EAEn sortu zen, baina bere anbizioa zazpi lurraldeetara zabaltzea da, zuena bezalaxe».

Lakuako Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendari Nora Beltranek ere «ofizialtasuna» eskatu zuen, etorkizuneko proiektuetarako pilotak zein sagardoak hura behar dutela iritzita. Aurreratu zuen 2026an egon daitekeela Euskal Sagardoa deiturarentzat zazpi lurraldeetara zabaltzeko aukera, eta Europan lehen aldiz mugaz gaindiko jatorri izendapen bat sortzekoa.

SAGARDO MOTA ASKO

Sagardoaren Lurraldearen izenean, Unai Agirrek eraman zuen sagardoa datuetara: uzta iazkoa baino handiagoa izan da kopuruz, sagar urtea izan baita, baina leku askotan espero zena baino %15-20 gutxiago jaso da, «neguko hotz faltagatik», zehaztu zuen. Guztira, hamar milioi litro sagardo inguru ekoitzi dira, eta horietatik, 3.100.000 litro inguru Euskal Sagardoa jatorri izendapenaren zertifikazioarekin. Azaldu zuen kalitate handikoak direla, eta ezberdinak beren artean, sagar urtea izanik, sagardogileek sagardoa zein sagarrekin egin aukeratu ahal izan baitute, eta «dibertsifikazio gehiago» topatu daitekeela euskal upeletan argitu zuen. Hala ere, zehaztu zuenez, «oro har, arinxeagoak eta alkohol gradu baxuagokoak dira, %6 ingurukoak».

Txalaparta doinuz eta Sagar Dantzak lagunduta Petritegira hurbildu ziren eta lehen tragoa bertan eman zuten. Agirrek azaldu zuenez, sagardo lurrintsua, edanerraza eta freskoa da irekiera upelekoa. Inork berrestera joan nahi badu, abian da denboraldia.