Vueltako protestengatik auzipetuei elkartasuna adierazi diete Bilbon
Bilbon Vueltako helmugan Israel Premier-Tech taldearen parte hartzearen aurka egindako protesten harira, lau lagunek deklaratu zuten atzo Bilboko Justizia Jauregian. Auzipetuen absoluzioa eskatu zuten Palestinarekin Elkartasuna eta Gernika-Palestina plataformek.

Palestinaren aldeko elkartasun oldeak hartu zituen errepideak iazko irailean, Vueltako etapak Euskal Herritik igaro zirenean. Milaka herritarrek salatu zuten Israel Premier Tech txirrindularitza taldearen presentzia. Eta, hala, hainbat tokitan atxilotuak izan ziren, hala nola Bilbon, Larrabetzun eta Irunberrin.
Bilboko epaitegietan deklaratzera deituta zeuden atzo hiru lagun, ikertu gisa, Bizkaiko hiriburuan Vueltan izandako protesten harira. GARAk jakin duenez, azkenean, beste pertsona batek ere deklaratu zuen epailearen aurrean; beraz, guztira, lau ziren auzipetuak. Epaileak autoritatearen aurkako atentatua eta desordena publikoak eragitea leporatzen die.
Pertsona hauei babesa adierazteko, elkarretaratzea egin zuen Palestinarekin Elkartasuna plataformak 11.00etan. Aurretik, 10.30ean, Gernika-Palestina taldea ere kontzentratu zen epaitegiaren aurrean, Palestinaren aldeko aldarriekin. Plataforma biek auzia bertan behera gera dadila exijitu zuten.
Jakinarazi zutenez, atxilotuak ez dira plataformako kideak, Israel Premier-Tech taldearen presentzia salatzera eta palestinar herriari elkartasuna adieraztera joan ziren herritarrak baizik. Halaber, salatu zuten kalez jantzita zeuden ertzainek bortizki jipoitu zituztela manifestariak.
BESTE BI ATXILOTU IRUÑEAN
Ildo beretik, baina urriaren 15ean Palestinaren alde egindako greba orokorraren testuinguruan, Polizia espainolak bi lagun atxilotu zituen atzo Nafarroako hiriburuan.
Greba hura LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek antolatu zuten. Iruñean izandako protesten harira, «desordena publikoa» eta «Poliziari eraso egitea» leporatzen diete atxilotuei.
Palestinarekin Elkartasuna plataformako manifestariak Antoniutti parketik abiatu ziren bloke propio batean. Ondoren, bat egin zuten auzoetatik iritsitako zutabeak bildu zituen protesta nagusiarekin. Gehitu zirenean, tentsio uneak izan ziren poliziarekin.
Hala, Palestinarekin Elkartasuna plataformak sostengua adierazi zien atzo atxilotuei. Horiek aske utz ditzatela exijitu zuten, eta mobilizazioa ere antolatu zuten iluntzeko zazpietarako.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
