AINHOA AROSTEGI

Ireki dira kupelak Araban: gertutasuna, kalitatea eta giro lasaia

Arabako sagardoaren denboraldia martxan dago jada Askartzako Trebiñu sagardotegian txotxaren irekiera ofiziala egin ondoren. Ekitaldi sinboliko hau oso garrantzitsua da bertako ekoizleentzat; hiru sagardotegi besterik ez daude herrialde honetan, baina ekoizpen zaindua eta kalitatearen aldeko apustua egiten dute hiruretan.

Julen Markinez, Trebiñu sagardotegiko upelak irekitzen.
Julen Markinez, Trebiñu sagardotegiko upelak irekitzen. (Raúl BOGAJO | FOKU)

Sagardoaren denboraldia ofizialki abiatu da Araban urtarrilaren 15 honetan, Trebiñuko Askartza herrian dagoen Trebiñu sagardotegian. Ekitaldiak Arabako sagardogintzan diharduten gehienak bildu zituen upelaren aurrean. Bertan batu zirenek, jai giro apartan, lurralde honetan tradizioaren presentzia eta balioa aldarrikatu zuten.

Irekiera Julen Markinezek eta bere aita Koldok kudeatzen duten sagardotegian ospatu zen. Trebiñu, Arabako hiru sagardotegietako bat da, Iturrieta eta Kuartangokoekin batera. Aurten, Aguraingo Dupla taldea izan da upelak irekitzeko ardura hartu duena, euskal musikaren eta txotxaren kulturaren arteko harremana azpimarratu nahi zuen ekitaldi berezi batean. Aurretik, omenaldi sinboliko gisa, sagarrondo bat erein zuten, sagardoak lurrarekin duen lotura estua irudikatzeko. Bazkalostean, berriz, trikitilariek eta bertsolariek arratsaldea alaitu zuten.

Julenek aitortzen du sagardoa egitea ez dela erraza Araban. «Gurean hiru sagardotegi baino ez daude, eta beste lurraldeen aldean, ez dugu horrenbeste tradizio edota baliabiderik. Baina goi mailako sagardoa egin daiteke hemen ere, kalitate gorenekoa».

Trebiñu sagardotegiak izaera familiarra du: jatetxea haiek bizi diren baserrian dago, aitak orain 30 urte baino gehiago aurreneko sagarrondoak landatu zituen leku berean, hain zuzen ere. Hasieran, sagardoa kontsumo propiorako zen baina, pixkanaka-pixkanaka, salmentan hasi ziren eta, azkenean, 2018an, publikoari zabaldu zizkioten ateak, sagardotegi-jatetxe gisa. Geroztik, espazioa handitu eta egokitu egin dute, gaur egungo egoerara iritsi arte.

Giroa ezin da Gipuzkoakoarekin parekatu. Baina, Markinezek azpimarratzen duenez, Araban beste modu batean bizi dute sagardogintzaren kultura: «Hemen giroa lasaiagoa da. Jendea janariaz eta edariaz disfrutatzera dator, familia giroan, beste toki batzuetako zalaparta eta iskanbilarik gabe».

EKOIZPEN MUGATUA

Ekoizpen kontuetan, aurten 130.000 kilo sagar bildu dituzte Araban, eta horietatik 80.000 litro atera dira. Arabako sagardotegi bakoitzak 10.000 litro inguru erabiliko ditu hasierako txotxean. Gainerakoa, botilatutako sagardoa, sagar zukua -arrakasta handiko produktua- eta zenbait sagardo berezi egitera bideratzen da (aparduna, lupuluduna, izotz-sagardoa…).

Txotx denboraldian menua ez da aldatzen: txistorra edota odolki taloak, bakailao tortilla, piperrak, txuleta eta, postre moduan, gazta eta intxaurrak. Betiko menua, beraz, berrikuntzaren ukitu txiki batekin, gero, sagardo denboralditik kanpo, bezero askok faltan sumatzen dutena. Jatetxea urte osoan irekita dago, udan hartzen dituzten bi asteko oporretan izan ezik, baina beste proposamen batzuk eskaintzen dizkiete bezeroei.

Ekoizpen mugatuaz bezain zainduaz, jende pilaketatik urrun, Arabako sagardotegiek beren upelak irekiko dituzte berriz, gertutasuna, kalitatea eta tradizioaren jarraipena aintzat hartuta. Tradizioa oraindik oso txikia bada ere, bizi-bizirik dago, etorkizun oparo bati begira.