Peli LEKUONA
DONOSTIA
Entrevue
Maria Ubarretxena
Lakuako Gobernuko bozeramailea

«Ez gara pribilegio bat eskatzen ari, lege organiko bat betetzeko baizik»

Atzerapenarekin, baina Moncloak Lakuako Gobernuari transferitutako azken eskumenak albiste dira egun hauetan. Prozesuan izandako zailtasunei eta oraindik ere transferitzeko dauden eskumenei buruzko bere ikuspegia partekatu zuen atzo Maria Ubarretxenak, Lakuako bozeramaile eta Autogobernuko sailburuak, NAIZ Irratiarekin izandako elkarrizketan.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Lakuako Gobernuko sektore jeltzalea kexu agertu da azken egunetan eskumenen transferentzia prozesuan Espainiar Gobernuak erakutsitako jarrerarekin. Kexu dira uztailean adostutako eskumen aldaketan izandako atzerapenarekin, baina, batez ere, Moncloako sektore batzuek jarritako traba edota berrinterpretazio saiakerekin, bi erakunde publikoek adostutako legezko konpromisoak izan arren. Baikor, aurrerantzean aldaketak izango direlakoan, egoeraren irakurketa ekarri zuen atzo NAIZ Irratira Lakuako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu eta Gobernuko bozeramaileak, Maria Ubarretxenak.

Bost eskuduntza gehiago adostu dira. Hurrengo urratsa zein izango da?

Eusko Jaurlaritzak etxeko lanak eginda dauzka eta Gernikako Estatutua burutzeko falta diren eskumenen proposamenak bidali zizkion dagoeneko Estatuari, iazko urrian. Hamar proposamen dira. Horiekin itxitzat eman genezake Gernikako Estatutua. Proposamen horien gainean hainbat bilera izan ditugu. Zenbaitetan gertutasun gehiago dago, beste batzuetan gutxiago, baina lanean hasita geunden. Ostiralean itxitako bost eskumenen pakete horrekin zailtasunak izan genituen, honen itxiera 2025aren bukaerarako espero zelako, eta ez da hala izan. Aurretik geneukan negoziazioari berrekingo diogu, falta diren eskuduntzak gauzatzeko.

Horiek pakete bakarrean helduko dira edo zatiketarik egongo da?

Guk hamar proposamen egin ditugu eta horiek daude mahai gainean. Dagoeneko ministerioetara bidalita daude eta bakoitzarekin bilera teknikoak egin dira. Batzuetan gertutasun gehiago dago besteetan baino. Orduan, joango gara ikusten, baina dagoeneko lantzen hasita zegoen bide horri berriz helduko diogu.

Gertatutakoa gertatuta, beldur edo mesfidantzarik bada?

Beti daukagu zalantza hori mahai gainean. Guk [Espainiar] Gobernuari eskatu dioguna da, hemendik aurrera gelditzen zaigun negoziazioan, mesedez alda dezagula negoziatzeko modua. Izan dira pertsona batzuk nolabait oztopatu dutenak eta [Pedro Sanchez] presidentea behar izan dugu jarrera horiek desblokeatzeko. Ezin dugu desblokeatzeko behar horiekin azken momenturaino iritsi. Transferentziak gauzatzeko egin behar diren dokumentuak eta balorazioak asko dira, eta oso ondo begiratu beharrekoak. Uste dugu beste lasaitasun bat behar dela testuak ondo aztertzeko, bai gure aldetik, baina baita beraien aldetik ere. Espero duguna da presidenteak eman duela etxean agindua eta hemendik aurrera desberdina izango dela. Hori da lehendakariak ere eskatu ziona. Inori ez zaio ahazten lehendakariak esku hartu behar izan duela eta berak presidentearekin izandako harreman horrek bere fruituak eman dituela.

Zein elementu desblokeatu behar izan dira?

Guk uztailean bageneukan dagoeneko akordioa sinatuta bost materia horien inguruan. Aldebiko batzar hori ofiziala da, araudi bat dauka eta bertan lortzen diren akordioak ere ofizialak dira eta zigilatu egiten dira. Presidente espainiarraren eta gure lehendakariarekin sinadurekin doa. Akordio batzuk bagenituen eta guk eskatzen genuena zen akordioak errespetatzea eta ez beste modu batera interpretatzea. Esate baterako, familiarrak diren prestazio ez kontributiboetan Kontzertu Ekonomikoaren bidez egin behar izatea horien finantzaketa. Azken momentuan, Estatuak beste eredu bat erabili nahi izan du. Uztailean dagoeneko hori sinatuta zegoen eta oso garbi dio Ekonomia Itunaren markoan egin behar dela. Jaurlaritzak eskatzen duen bakarra uztaileko akordioak errespetatzea da.

Negoziazioetan beti izaten da eman beharreko zerbait. Egon da halakorik?

Ez gara pribilegio bat eskatzen ari, baizik eta lege organiko bat betetzea. Horretan ari gara lanean.

Hedabide publikoek aipatu zuten ostegunean zalantzak zeudela bilerarik izango zen ala ez. Egon zen uneren batean zalantzarik?

Bai, noski. Bilera azken momentuan itxi zen. Gure ogasunek momentu hartan jaso zuten azken akordioa, esan bezala, Kontzertu Ekonomikoaren ereduaren barnean zalantzak zeudelako, batez ere Estatuaren aldetik, beste eredu bat jarri nahi zutelako martxan. Ezin dugu ahaztu guretzat Kontzertu Ekonomikoa eta Kupoa Euskadik dauzkan erremintarik garrantzitsuenetakoak direla eta horri ezin diogu uko egin, inolaz ere.

Nola eragin du atzerapen horrek politikarekiko sinesgarritasunean?

Asteburu honetan kalean jaso dudana poztasuna izan da. Oro har, aurrerapauso ikaragarritzat hartu da. Uste dut gizarteak ere hala ulertu duela eta horrek izan behar duela bidea.