Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Mapa zergak!

Beste mapamundi bi bota ditut aste honetan kartoi zakarrontzira, bata Bilbokoa, Atlantikokoa bestea. Espero dut birziklatu ostean berriro mapak ez izatea, gaurkoek oso iraungitze epe motza dute eta. Begira, kasurako, Ipar Atlantikoko azkena, Ozeano Artikoa eta Karibe itsasoa ez ezik, ozeanotan Barea, Indiakoa eta Antartikoa, eta itsasotan Mediterraneoa, Baltikoa, Gorria, Beltza, Arabikoa, Txinakoa, Alborangoa eta Kantaurikoa, gutxienez, biltzen dituen mapa. Hurrengo edizioan hemisferio guztietako artxipelagoak, lakuak, ibaiak, hezeguneak, potxingoak eta desertuetako glaziarrak ere badira mapa zer horretara biltzeko; hara drainatu ezean, ur zergak! Badiak eta golkoak ere, izenak eguneratuta. Bestelako lur-muturrak ere ageriko, lurralde guztietan muturrak sartzen ari direnek osatutako mapa izango baita, aldian aldikoa, izarrez brodatua. Kotxinoen senadia gogoan! Esan gabe doa Barea ez dela gehiago ozeano izena izango, Bortitza aurrerantzean! kosta-kideek nahi ala nahi ez, bestela kosta zergak! Atlantiko bat eta bakarra! Hots, mapa zergak! Atlantikoko hasierako Atlantiko gizajoa, depresioek jota egon behar! Ordena zaharra iraungia da eta berriaren berri ez dago oraindino. Hor, desordena globala agintari!

Urdaibai aldera etorrita, Gernikako Estatutua arkeologia politikoa izatetik errebalida eredu izatera pasatu da, Osakidetza eta Hezkuntza Saila eskutik hartuta. Horretarako izango zen museoa? Kapaz! Iraungitako txertoak ez du horren osaketa ekarriko. Poeta andaluziarrak bota zuenez, gaixo egotea baino txarragoa da mediku okerra izatea! Eta, hara!, mugimendu sozialista zer horretan neukan esperantza txikia kolpean agortu zait, ez dute ba atzoko Bilboko manifa Jesusen Bihotzetik abiatu! Ama, ama, hamaika ikusteko gara! Traktoreetan daukat itxaropena! Eta hartzetan!