Arnaitz GORRITI
BINAKAKO TXAPELKETA 2026

Altuna eta Ezkurdiarentzat Binakako Lau eta Erdiko Txapelketako partida

Play-offera begira ezinbesteko garaipena lortuta, sekulako aurrerapausoa eman dute bi aurrelariek. Hasieratik aurretik izan badira ere, Peña eta Imazen lanak partida itogarria bilakatu dute, lau pilotariak aurreko koadroetan nahasita.

Lau pilotariak aurreko koadroetan katramilatuta aritu dira partidaren gehienean.
Lau pilotariak aurreko koadroetan katramilatuta aritu dira partidaren gehienean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Gasteizko Ogeta pilotalekuak atzelarientzat oso leku petrala izateko ospea dauka. Pilotak zama handia hartzen omen du atzeko koadroetatik eta errebotea ohi baino urrunago dagoen arren, atzean sartuta egotea tokatzen zaion atzelariak asko sufritzen omen du.

Ez zen halako asko egon atzo Ogetan, ordea, Binakako Txapelketa Nagusiko partidari ñabardura ezarri zietelako hala Altunak eta Ezkurdiak nola Peña II.ak eta Imazek: Lau eta Erdikoa. Eta, hala, gorriek «kaiolan» oso trebeak direla erakutsita irabazi zieten urdinei. Ez sufritu gabe, baina ondo merezita, 0-1ekoaz gain beti aurretik izan zirelako. Eta, bide batez, final laurdenetako play-offera sailkatzeko egundoko urratsa eman zuten.

Txantxak albo batera lagata, neurketa oso nekagarria jokatu zuten lau pilotariek, egundoko erritmo eta abiaduraz betea. Jakina da Ezkurdiaren estiloa nolakoa den, atzerantz korrika egin baino nahiago baitu Arbizukoak aurrera egin eta airez edo sotamanoz pilotaren ibilbidea moztea. Baina aurrean Artolaren ordez Peña II.a egokitu zitzaien gorriei eta Tolosako aurrelariak are eta aurrerago eta oldarkorrago jokatzeko hautua egin zuen.

Peña II.a joan zen astean Lasoren ordezko lanetan garaile izan zen Altunaren eta Ezkurdiaren aurrean, baina atzean Albisuk Imazek ez bezalako joa dauka eta aurrean erabakitzen saiatu zen atzo. Tolosarraren eta Imazen kalterako, zazpi pilota galdu zituen Peñak eta sakez falta bat ere egin zuen, nahita zabalera ateratzen hasi eta pilotakadak kanpora ihes eginda.

Baina ezin azkenera arte arnasarik sakon hartu ez Altunak ezta Ezkurdiak ere. «Bagenekien hasieratik zer-nolako partidak jokatzea egokituko zitzaigun. Astero jipoi handiak hartzen ditugu partidetan, baina, nolanahi, Josebarekin -Ezkurdia- oso gustura jokatzen ari naiz eta ilusio handia egiten dit garaipen honek, txapelketan aurrera egiteko aukera bat ematen digulako», onartu zuen, pozarren, Jokin Altunak partida amaieran.

PILOTAKO «LIBEROA»

Beti aurretik aritu ziren gorriak eta hasierako 0-1ekoaren ostean 5-1 aurreratu ziren, ia inor ere ohartzeke. Dirurik jokatu baldin bazen une horretan, harrika jokatu zuten Altuna eta Ezkurdiaren alde, baina jokoa ez denez errenta, urdinek bati baino gehiagori ikara galanta sartu zien tarteka, zimelaren zimelez ez etsitzeko erabakia hartu baitzuten.

Erremate lanetan Jokin Altuna Jon Ander Peña baino gehiago izan zen, baina ez zuen tolosarrak horregatik bururik makurtu eta gorriek alde egin zuten bakoitzeko, bikote urdina gainera etorri zitzaien behin eta, berriro, 6na eta 12na berdintzeraino.

Tarteka lau pilotariak aurreko koadroetan katramilatu ziren eta tanto bat berriz jokatzeko agindu behar izan zuen epaileak, Peñak Altunari traba egin ziolakoan. Ez zen beste halako konturik izan, baina bai pilotariak «kaiola» barrutik atera ezinda sarri, tarteka atzerantz pilotakadaren bat jo bazuten ere, arnasa hartu ahal izateko, besterik ezean.

Altunak eta Ezkurdiak 12nako berdinketaren ostean egin zuten alde behin eta betiko. Arbizukoak bizkarra erakutsi ziola Imazi esan genezake, baina bizkarra erakutsi baino, Oiartzungo atzelariaren korrikaldiak ikusi zituela esan beharko litzateke, munduko zulo guztiak estaltzeko lehertu arteko lana egin zuen-eta Imazek, fin asko.

Ezkurdiak, bere ohiko estiloarekin, tanto batzuk amaitzea erdietsi zuen tarte erabakigarri horretan. «Libero» lan hori hain berea duenez, bera aritu zen erosoen partidaren azken aldera, eta Imazek beherantz egin zuen moduan, Peñaren gehiegizko arriskuek ere lana erraztu zieten gorriei.

Altunaren erremate eder batek eman zion amaiera Binakako Lau eta Erdikoari.