Itxaso PIQUER, Javi KEREXAZU eta Haizea ARBIDE
Steilas
KOLABORAZIOA

Badator hezkuntzako matrikulazio kanpaina

Hezkuntzan ikasturtea irailean hasten bada ere, urte berria estreinatzearekin batera, laster abiatzen da datorren ikasturtean haurrak matrikulatzeko garaia. Aurten, otsailaren 2tik 13ra izango da matrikulatzeko epea.

2023an babes sozialik gabe onartutako 17/2023 Hezkuntza Legearen pean ezartzen ari diren hezkuntza politikak aurreko hamarkadetan izandakoaren jarraipen dira. Agindu eta dekretu berriak aldebakarrez aplikatzen ari da Hezkuntza Saila «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko» (EHZP) gisa definitzen duena arautzeko. Horien artean, urtarrilean argitaratu duen 2026-2027 ikasturteko onarpen agindua.

Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan ikastetxe publikoak eta itunduak berdinak balira bezala hartzen dira planifikazioan eta onarpen prozesuan, eskubide eta betebeharretan, eta horrek hirietako auzoetan edo herrietan ikaspostu publikoen galera dakar, beste pribatu batzuk ituntzen diren bitartean. Euskal eskola publikoaren babesik eza nabaria da.

Bitartean, hezkuntza publikoaren finantzaketa Europa mailan eskatzen den BPGren %6tik urruti dago eta azken urteetan itunpeko ikastetxe sarearen finantzaketak igoera nabarmena izan du: 2021-2022 ikasturtean 630,6 milioikoa izatetik gaur egun 919,18 milioikoa izatera igaro da: %46ko igoera. Finantzaketa nabarmen handitzeaz gain, legea onartu zenetik Hezkuntza Sailak aldebakarrez aplikatu duen hezkuntza politika pribatizatzailea agerikoa da: gelak ituntzeko gutxieneko ratioen jaitsiera; bi urteko gelen ituntzea; ikasle zaurgarrien banaketaren iruzurra; gehiegizko eskaintzaren aurkako neurririk eza eta abar.

Onarpen prozesuari dagokionez, itunpeko sareak EAEko ikasleen %49 matrikulatzen du, baina behera egiten ari da etapa guztietan. Jaiotza tasa behera doan honetan, ikastetxe batzuk ixteko arriskuan egon daitezke eta matrikulazioaren planifikazioan eragitea ezinbestekoa da euskal eskola publikoa babesteko.

Azken egunotan, eta matrikulazio kanpainaren atarian, hedabideetan titular faltsu batzuk irakurri ditugu, besteak beste, ikastetxe publikoko eta sare itundutako ikasleen selektibitateko kalifikazioak alderatzen dituena. Ikerketa hori ez da zuzena, D ereduko ikasleak soilik hartu baitituzte kontuan, sare itunduaren ehuneko altu bat -B eredukoa, hain zuzen- alderaketatik kanpo utziz.

Argi dugu hezkuntza sistema duala gainditu eta sare publiko bakarra eraiki behar dela; hori baita gizartean aukera berdintasuna, ekitatea eta kohesioa bermatzeko bide bakarra. Zure auzo edo herriaren alde egiteko, sare soziala osatzeko, euskalduntzeko, Steilasetik denona eta denontzat den euskal eskola publikoan matrikulatzeko dei irmoa egiten dizugu.