AMAIA EREÑAGA
BILBO

Edward Hopper Urko mendiaren magalean egon (ez) zenean

Arte Ederren Bilboko Museoan atzotik ikusgai dagoen “After Hopper (Gau amerikarra)” erakusketa errealitatea eta fikzioa elkarrekin jolasean jartzen dituen bitxikeria horietako bat da. Osagai ugari ditu, hala nola, Edward Hopper estatubatuar ospetsuaren unibertsoa, 70 urte bete dituen bildumagile bat, Jose Antonio Azpilikueta artistaren marrazkiak... eta, horren guztiaren atzean, Eibar herriak duen eragina.

Hopperren margo ezagunetan oinarritutako marrazkiak egin ditu Azpilikuetak.
Hopperren margo ezagunetan oinarritutako marrazkiak egin ditu Azpilikuetak. (Oskar MATXIN | FOKU)

Hirurogeita hamar urte betetzen zituela-eta, Jose Ignacio Olave (Bilbo, 1953) arte editore eta bildumazaleak enkargu berezia egin zion Jose Antonio Azpilikueta (Eibar, 1961) margolariari: Olavek berak idatzitako dozena bat ipuini laguntzeko, beste horrenbeste marrazki egin zitzala eskatu zion, Edward Hopperren (Nyack, 1882-New York, 1967) hamabi koadro oinarri hartuta.

Olaveren urtebetetzerako argitaratu zen “After Hopper (Gau amerikarra)” izenburuko liburua 70 lagunek bakarrik jaso zuten. Eta liburuarekin batera, haren osagai, Azpilikuetak boligrafoz, errotuladorez eta koloretako arkatzez marraztu zituen beste horrenbeste “ex libris”. Bertan, artistak Eibarko Urko mendiaren aurrean irudikatu zuen Hopper... Ez da kasualitatea; izan ere, Jacinto Olave margolari eta erretratugilearen (Eibar, 1877-1957) antza baitu amerikarrak, eta Jose Ignacioren aitona zen Jacinto.

Baina, Edward Hopper ospetsua, errealismo estatubatuarraren ordezkari nagusietakoa eta margolari amerikarren artean amerikarrena, Urkoren magalean? Nola liteke? «Gustukoak ditut Hopperrek esaten dituen gauzak, bai eta esaten omen zituenak ere. Batzuetan, kontatzen dituen gauzak nik neuk bizi izan ditudala iruditzen zait, eta beste batzuetan bere koadroen barruan egon naizelako sentipena izan dut», argitu zuen atzo Olavek erakusketaren aurkezpenean.

Lanbidez arte munduarekin zerikusirik izan ez duen arren -«nazioarteko enpresa batentzat» lan egin duela aipatu zuen soilik, erakusketaren aurkezpenean-, arte munduan murgilduta ibili da betidanik Jose Ignacio Olave. Hiru hamarkadaz euskal artista garaikideekin harreman estua izan du eta hainbat egileren ehun estanpa inguru sustatu ditu, merkaturatu gabeak direnak: Mikel Diez Alaba, Jesus Mari Lazkano, Daniel Tamayo... Urtebetetzerako egindako estanpa edo marrazkien dohaintza honetaz aparte, 78 obra eman dizkio museoari, 2022. urteaz geroztik, eta bereak dira, halaber, Durangoko Arte eta Historia Museoan, apirilaren 26ra arte, ikusgai dauden Giovanni Battista Piranesi italiarraren 47 grabatu originalak.

Ispilu jolasez beteta dago “After Hopper (Gau amerikarra)”. Zinema munduko erreferentziak daude -gau amerikarra zinemagintzan erabiltzen den teknika da, egunez gaua izango balitz filmatzen denean- eta ezkutatu ezinezko “kutsu” eibartar handia ere bai, Bilbon jaio izan arren, Olavek bere “eibartartasuna” aldarrikatzen baitu.

Lan honetarako erabateko askatasuna eman zion ibilbide luzeko Azpilikuetari, hark oso ondo ezagutzen baitzuen Edward Hopperren lana, bai eta ondo miretsi ere, joana baitzen Londresko (Tate Modern, 2004) eta Madrilgo (Thyssen-Bornemisza Museo Nazionala, 2012) erakusketa antologikoetara.

Eskaera bakarra egin zion Azpilikuetari: marrazkien tamainak gainditu egin behar zuen helburu ilustratiboa eta nahiko handia izan behar zuen. Margolariak, bestalde, Hopperren koadroen jatorrizko proportzioak errespetatu zituen. Bi premisa horietatik abiatuta, banan-banan landu zituen marrazkiak, berak “esku hartzetzat” jo zuen prozesuaren bitartez, eta lauki sareez, lerroz lerroko marrazkiez eta tinta lauz baliatu zen zeregin horretarako.

Erakusketa honek iaz Jose Ignacio Olavek Bilboko museoari egin zion karpeta baten dohaintzan du jatorria, eta zabaldu berri den museoaren gela batean aurkitu daitezke marrazkiok.