ALAIA SIERRA
DONOSTIA

Inazio Osa «gizajoa» protagonista duen “Bakea, bakea” nobela dakar Montoiak

Xabier Montoia musikari eta idazleak nobela berria argitaratu du, ‘‘Bakea, bakea’’. Lan honetan, bakearen bila bizi den Inazio Osa -edo Esnaola- protagonistaren pausoei jarraika doa, Donostian. Etxe onekoa, ludopata, politoxikomanoa eta askok mespretxatua da, «gizajo» bat.

Xabier Montoia “Bakea, bakea” nobelaren ale batekin.
Xabier Montoia “Bakea, bakea” nobelaren ale batekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

‘‘Bakea, bakea’’ da Xabier Montoia musikari eta idazle gasteiztarraren eleberri berriaren izenburua. Inazio Osa -edo Esnaola- du protagonista, bakearen bila bizi den familia oneko ludopata, politoxikomanoa eta pornoadiktoa.

Osa 43 urteko donostiarra da, seme bakarra, amak mimatua, aitak gaitzetsia, emazte ohiak mespretxatua, alabatxoak maitatua eta lagunentzat pailazoa. Donostiako burgesiaren “mundutxoan” bizi da, baina benetako mundura joan behar izaten du.

Hala azaldu zuen idazleak atzo Xabier Mendiguren editorearekin batera egindako aurkezpenean. Editoreak azaldu zuenez, liburua ez da laburra, baina irakurleak deskubritu behar dituenak «ezin dira azaldu».

Amaren hileta elizkizunean hasiko da kontakizuna, Donostiako Artzain Onaren katedralean, eta bere bizitzako sostengu bakarrenetakoa galtzean dena hondamendia dela sentituko du Inaziok, baina laster ikasiko du oker dagoela oso, deskalabrurik handienean ere beti baita posible zuloan beherago erortzea, are eta zoritxar handiagoak etortzea.

Elkar argitaletxearen arabera, prosa «zorrotz bezain neurtuaz» idatzi du Xabier Montoiak eleberri «sendo eta biribil» hau, eta idazkera doi horren bidez jarraituko diegu protagonista malapartatuaren ibilerei, bere sorterrian hasi eta patu makurrak eramaten duen lekuraino. Ez kontzesiorik, ez gupidarik, ez itxaropenik: non topatuko du Osak bake irrikatua?

Estiloari dagokionez, «deigarria» iruditzen zaio Xabier Mendigureni «zuriune gutxi» dagoela argitara atera berri diren 316 orrialdeetan. Horren ordez, eleberria bereizten duten «paragrafo sendo eta trinkoak» erabili ditu Xabier Montoiak.

Idazleak aurkezpenean gaineratu zuenez, elkarrizketak badaude, baina paragrafoen barruan. Izan ere, paragrafo «sendo» horiek Montoia «irakurleaz gupidatu» zelako dira horrelakoak, «hasiera-hasieran liburu osoa banatu gabeko paragrafo bakarra zen-eta», azaldu zuen.

Nobela idazteko abiapuntua ere bitxia izan zen idazlearentzat, amets bat. «Idazten dudanean ez dut izaten plan bat eta ez dakit inoiz zer gertatuko den, idazten hasten naiz», azaldu zuen atzo Xabier Montoiak. Oraingo honetan, lehenengo paragrafoa «hitzez hitz» idatzitako amets bat da, Inazioren istorioari hasiera ematen diona.