Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Wampumak (eta III)

1830eko hamarkadan AEBko Auzitegi Goreneko presidente John Marshallek nazio indigenen gaineko hiru kasutan emandako epaiek legez gutxietsi zuten nazio haien subiranotasuna, baina aurrekari garrantzitsu bat ere ezarri zuten: Marshallek ebatzi zuen AEBk nazio indigenekin sinatutako itunak buruzagi indigenek beraiek ulertu bezala interpretatu behar direla. Arazo bat dago, ordea: nazio indigenekin ahoz hitzartutakotik AEBk sortutako dokumentuak bakarrik jotzen ditu AEBko Auzitegi Gorenak legezkotzat, eta haiei egin behar diete erreferentzia nazio indigenek. Baina dokumentu horiek jada interpretazio baten emaitza dira, AEBren beraren interpretazioarena.

Nazio indigenentzat wampum gerrikoak dira AEBko gobernuarekin hitzartutakoaren froga. Wampum asko museoetan daude egun; adiskidetasun keinu gisa gobernu kolonoaren ordezkariei oparitu zitzaizkielako, ordezkari horiek beraiek edo kolono zuriren batek lapurtu zituztelako, edota beharrak jota saldu behar izan zituztelako. 1990eko Amerikar Natiboen Hilobien Babes eta Aberriratze Legeak behartuta, AEBko gobernu federaletik dirulaguntza jasotzen duten museoek nazio indigenetatik harturiko objektuak bueltatu behar dituzte, baldin eta nazio horiek hala eskatzen badute. Ordutik hainbat wampumek etxerako bidea hartu dute, haietan jasotakoa gogoratua izan dadin.