Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
TORRENTE PRESIDENTE

Esketx eta «cameo» bilduma inozoa

Esan behar dudana agerikoa da: “Torrente”-ren aurreko filmekin gozatu zutenek, seguruenik, honekin ere gozatuko dute; eta Santiago Segurak sortutako unibertsoa gorroto dutenei, berriz, film berria jasanezina irudituko zaie.

Aitortu behar dut une pare batean barre egin dudala -pixka bat- eta, gutxienez, filma ez zaidala bereziki luzea egin. Hor amaitzen dira haren aldeko hitzak.

Filma brotxa lodiz margotutako gag segida inozoa besterik ez da. Ez dago istorioaren arrastorik, ez sakontasunik, ez gidoi sendo baten egiturarik, ezta pertsonaien bilakaerarik ere. Pelikula bat baino gehiago, esketx soltez osatutako mosaiko bat dirudi. Ikuslearen zeregina ez da kontakizun baten hariari jarraitzea, baizik eta pantailan agertzen diren ‘cameo’ berriak identifikatzen saiatzea.

Filmak ez du faxismoa zuritzen, inondik ere; baina protagonista gisa faxista, matxista eta arrazista karikaturesko eta barregarri bat jartzeak badu bere arriskua: ikusle batzuengan konplizitatearen edo enpatiaren itzala piztea. Antiheroien etiketaren atzean, batzuek pertsonaia inozo eta barregarri bat besterik ez dute ikusiko; beste batzuek, ordea, txantxaren ke artean, nolabaiteko onespena.

Aktoreen eta ‘cameo’-en zerrenda, berriz ere, amaigabea da, baita Estatu espainoleko telebistako aurpegi ezagun ugariren agerpena ere. Egia da ituaren erdian Nox izeneko alderdi ultraeskuindarra jartzen dela -erreferentzia agerikoa da-, baina gainerako alderdien aipamenak ere ageri dira. Kolpeak norabide guztietara banatzeko ahalegina eta erruak orekatzekoa hasieratik antzematen da: ultraeskuina jomugan dago, baina gainerakoek ere jasotzen dute beren partea. Filmak zabaldu nahi duen mezua hori dela dirudi: «Ultraeskuina txarra da baina, tira, besteak ere bai». Eta hori ez da onargarria.