Greba egunak
Martxoak modu esanguratsuan lotu ditu aurten iragana eta oraina. M3 eta M17. Memoria eta borroka egunak izan dira. Gasteizko sarraskiak erresonantzia kaxa baten antzera durduzatu digu gogoa 50 urte igaro ondotik. Mukuru betetako Gasteizen ‘‘Campanades a morts’’ entzuteak argi erakusten du XX. mendeko greba eta borrokek XXI. mendekoekin bat egiten dutela. Haria ez dela eten. Aberatsek beti aberatsago, langileek gero eta zaurgarriago izaten jarraitzen dutela. Historiako jipoirik handiena eman zuen Polizia Armatuak. Sekulako sarraskia eragin zutela zioten. «Arrazoien hiltzaileek, bizitzaren hiltzaileek» ez zuten pentsatu ere egingo 50 urte eta gero akorduaren sugarra hain bizirik egon zitekeenik. Orduko garrasiak eta erreboltak berdinak direla egun ere. Orduko arrazoi bera duela zutik lurrean kondenatutako langileak bizi duinen alde borrokatzeko, gutxiengo soldata propioaren alde mobilizatzeko. Orduko eta egungo greba egunak borrokarako gailu ezinbestekoa izaten segitzen duela itxitako ateak zabaltzeko asmoz.
«Kalea nirea da», zioen Manuel Fraga frankistak sarraskiaren biharamunean. Orduan ere grebalariak ziren biolentoak, aldarri politikoak hasi ziren azaltzen. Ortuzarrek bere garaian esan zuen ELAren grebak «antipatriotikoak» zirela; Mikel Torres sailburuak dio, EAJk bezala, M17ko greba «politikoa» dela, «Jaurlaritzaren aurkakoa» dela. Urkulluk ahoan bilorik gabe esan du greba orokorra erabat «perbertsoa» dela, «komunismoa eta antisistema». Greba egiteko ohitura gehiegizkoa zela ere esan izan du lehendakaria zenean. Baina zein da irtenbidea gutxiengo soldata baten aldeko herri ekimen legegilea bertan behera uzten delarik? Negoziazio kolektiboetan ezin bada negoziatu? Epaitegiek bidea ixten dutenean? Jendeak ezin badu duinki bizi?
Orduko eta egungo kapitalistek helburu bera dute: langilearen osasunaren edo bizitzaren bizkar aberastu. 1976ko M3ko eta 2026ko M17ko borrokak eta aldarriak berdinak dira. Amurrioko Tubos Reunidoseko lan gatazkak erakusten duen gisan.
Oker zegoen Manuel Fraga. Kalea gurea da.

«Bilbon ere, EH Bildu alternatiba gisa agertzen ari da; aldaketa helduko da»

Vuelco en la Ertzaintza: Euspel gana y rompe con 20 años de hegemonía

«Aroztegiaren borroka irabazita alferrik da literaturatik jarraitzea»

Aberri Eguna euskal lurralde guztietan jai ofiziala egiteko deia Lizarratik
