I. CAMBRA, O. AIZPURU
BILBO
Entrevue
Beñat Jusue, Xalbat Alzugarai eta Maialen Begiristain
Mezuaren egileak eta AEK-ko ordezkaria

«Zazpi ahots, baina gorputz bakarra euskararen alde»

Amaitu da 24. Korrika, inoizko ediziorik jendetsuena burututa. Milaka kilometroz lekukoa eskuz esku eramanez, euskararen aldeko konpromisoa berritu eta sendotu da berriz ere. AEK-k eta mezuaren egileek NAIZ Irratian nabarmendu dute euskararen komunitatea indartsu dagoela eta datozen hilabeteetan ere ekimenek jarraipena izango dutela.

Alzugarai ezkerrean eta Jusue eskuinean.
Alzugarai ezkerrean eta Jusue eskuinean. (Mikel M. de TRESPUENTES | FOKU)

 

Amaiera ikusgarriarekin itxi zen atzo 24. Korrika, eta lehen balorazioek argi utzi zuten aurten marka guztiak hautsi direla parte hartzeari dagokionez. Maialen Begiristain AEK-ko ordezkariak NAIZ Irratiari azaldu zionez, aurreikuspenak bete ez ezik, gainditu ere egin dira: «Jendetza ibili da kalean euskararen alde eta euskaraz egiten, eta horrek erakusten du benetako arrakasta».

Zenbakietan ere agerikoa izan da, aurten «bostehun bat lekuko hartze gehiago» izan baitira. Begiristainek argitu zuenez hausnarketa egin eta «konturatu ginen jendea kanpoan geratzen ari zela; orduan kilometroetatik lekuko hartzeetara pasatu gara, jendeari tokia eskaintzeko eta guztiok tokia izan dezagun».

Aurten, gainera, Korrikaren mezua zazpi herrialdeetako zazpi gaztek idatzi dute, ikuspegi ezberdinak bateratuz. Xalbat Alzugarai eta Beñat Jusue dira horietako bi, eta azpimarratu zuten prozesua bera izan dela aberasgarriena. Bideodeien bidez eta aurrez aurreko topaketetan landu zuten testua, eta asteburu batez elkartuta eman zioten azken forma lekuko barruan, eskuz esku, ibili diren hitzei.

Egileek azaldu zutenez, helburua euskararen komunitatea «gorputz bakar» gisa irudikatzea izan da, askotarikoa baina indartsua. «Gure errealitate ezberdinetatik osatzen dugu komunitatea, eta mezuak era askotako interpretazioak ahalbidetzen ditu», azaldu zuen Alzugaraik. Jusuek ere nabarmendu zuen aniztasuna hizkeran bertan ikus daitekeela eta, horrekin batera, baduela beste berezitasun bat ere: «Bakoitzak beretik ulertzeko aukera ematen du, eta hori da altxorra». Hori dela eta, ez ziren ausartu esaldi bakarrean laburbiltzen.

Hitzaldiaren amaieran, gonbita egin zioten gizarte osoari eta horretan sakondu zuen Alzugaraik: «Bazatoz? Bazatoz euskararen komunitatera, euskararen gorputz askotariko eta indartsura?». «Munstro zaharrak» ere badatozela eta Korrikak, herrialde guztietatik pasatuz, sortzen duen gorputzak «horiei aurre egiteko ahalmena» duela esan nahi izan dute mezuaren amaieran. Horrela azaldu zuen Urepeleko gazteak.

Prozesu osoa sekretupean eraman zuten azken unera arte, zailtasunekin batzuetan, eragiten zien poztasunagatik, baina, Jusuek aitortu bezala, «inork ez du galdetzen ea idatzi duzun mezua eta guri gutxiago»; eta horrek erraztu egin zien bidea.

Egileek «ardura handiz» bizi izan dute esperientzia osoa. Proposamena jasotzea ere «ustekabean» etorri zitzaiela azaldu zuten, eta hasierako harriduratik dimentsioaz jabetzera igaro zirela, horretarako orduak eta egunak behar izan bazituzten ere. Hala eta guztiz, baiezkoa argi izan zuten hasieratik bi gazteek.

Korrikak lurralde ezberdinetan duen eragina ere azpimarratu zuten. Urepeletik Tuterara, euskararen egoerak oso desberdinak badira ere, ekimenak lotura berezia sortzen duela nabarmendu zuten. Jusuek azaldu zuenez, «Tuteran gutxitan gertatzen da halako eraldaketa, asteburu batez euskarak erdigunea hartzen du eta jende asko hurbiltzen da». Bide berdinetik AEK-k Erribera osoan lortutako zabalpena azpimarratu zuen eta aipamena egin zien Nafarroako hegoaldera hurbildu ziren euskal herritar guztiei ere.

Alzugaraik Urepeletik abiatu zen edizioa ekarri nahi izan zuen gogora Korrikak sortzen duen indarraren balioa azpimarratzeko: «Egoera linguistikoagatik kasik galtzen ari nintzen euskara» eta herritik hasteak «bota zidan amua berriz lotzeko». Gai horri lotuta Begiristainek Atharratze ez zuen aipatu gabe utzi nahi eta espero dute «Atharratzerako eta Basabürüko eskualderako ere pizgarri izan dadila».

Horrekin batera, AEK-ko kideak azpimarratu zuen Korrika ez dela amaitzen helmugan. Aurretik eta ondoren egitasmo ugari badituztela. Ildo horretan, laster euskararen erabilera sustatzeko ekimen berriak abiatuko dituztela aurreratu zuen: apirilaren 22an doako eskolak eskainiko dituzte euskaltegi guztietan, eta maiatzean mintzodromoak antolatuko dituzte Euskal Herriko hainbat tokitan. Helburua argia da: Korrikak sortutako olatua aprobetxatu eta euskararen erabileran jauzi bat ematea.