Ritxi AIZPURU
Musika pentsalaria

Musikaren prekaritateak

Martxoaren 17ko greba orokorrean prekaritateari aurre egiteko gutxieneko soldata exijitu da; 1.500 euro, zer gutxiago! Hortik behera prekaritatearen atarian legoke pertsona. Kulturatik bizitzea zaila da. Bizi diren askok poltsa handia dute; gehiengoa, ordea, prekaritatean bizi da. Sistema kulturgileaz kulunkatzen ari da. Ez da iritzi berekoa, ordea, Garikoitz Mendizabal legebiltzarkide jeltzalea; txistulari aparta izanagatik, desitxuroso labain egin du kultur politikan (lehenik alderdia eta gero berriro EAJ), prekaritate egoeran baino, pobrezian izugarrizko maisulan andana argitaratu omen direlako; adibidez, musika jasoa den klasikoan. Txiro eta prekario izatera bultzatu nahi du euskal sortzailea.

Prekaritateak sortzaileari dakarkion oreka-ez ekonomikoaz landa, bizitzaren beraren antolaketa desorekatua biderkatzearen errutina miserablean erortzea da. Sortzaileak beti nahiago izango du babesa emango dion sare salbatzailea edukitzea, edo lurrak txikitu aurretik paraxuta irekitzea. Ala ez? Edo astoaren paradigma gertatuko al zaio? Jan gabe bizitzera ohitzera zihoanean, jabeak ez baitzion ia bazkarik ematen, asto errukarria hil zitzaion jabe doilorrari.

Artista kulturgilea ezin du berdin tratatu Jaurlaritzak; jasotzen duen arreta baino handiagoa eskaini beharko lioke, kulturgilea ez dadin balantzaka ibili bizitzan zehar.