Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
TAFITI ETA BERE LAGUNAK

Haur euskaldunek gehiago merezi dute

Badakit askotan, gehiegitan, oso maiz (Berri Txarrak dixit) gauza bera errepikatu dudala, baina gorputzak horrela eskatzen dit: gure txikiek euskarazko edukiak zineman ikusteko aukera izatea albiste bikaina da. Jarrai dezatela bide horretatik, mesedez. Baina ederra litzateke nazioarteko gainerako haurrek ikusten dituzten lehen mailako izenburu arrakastatsuenak ere euskarara ekartzea. Zinema Euskaraz programaren barruan estreinatzen diren film askok sentsazio bera uzten dute: beherapenetan arrantzatuz topatutako pelikulak dira, ez da benetako apustu irmorik egiten euskarazko kalitatezko animazioa programatzeko. “Tafiti eta bere lagunak” ez da salbuespena.

Tafiti surikata gazteak Bristles txerri basatia ezagutzen duenean, badaki ezin direla lagunak izan. Baina arrano batek Bristlesi eraso egiten dioenean, Tafiti hura erreskatatzera joango da. Txerria Tafitiren atzetik joango da etxeraino, eta nahi gabe zoritxarreko istripu bat eragingo du: suge pozoitsu batek Tafitiren aitonari hozka egingo dio. Aitona salbatzeko, basamortuko lore mitiko bat aurkitu beharko dute eta Tafitik bidaia arriskutsu bati ekingo dio.

Premisa hori irakurri ondoren, “Lehoi erregea” filmeko Timon eta Pumba etorri zaizkizue burura, ezta? Tira, istorioa desberdina izan arren, pertsonaien funtsezko ezaugarriak antzekoak dira. Hori bai, film horrekin edozein konparaketa egitea iraingarria da: kontatzen dena ahula da, laua, eta beste hamaika istoriotan erabilitako molde berean landua.

Animazio-lanak, bere eginkizuna betetzen badu ere, nahiko arrunta da, nortasunik gabea. Etxeko txikienek aurkituko dute barre egiteko tartea edo denbora-pasa txiki bat, baina haurrentzako zinemak askoz gehiago eskaini beharko luke.