GARA
BILBO

Satsek bederatzi greba egun deitu ditu emagin zerbitzuetan

Bizkaiko Gurutzetako ospitaleko eta Barrualdeko emaginek eta Satsek bederatzi eguneko greba deialdia egin dute emakumeen arreta segurua, eskuragarria eta kalitatekoa eskatzeko.

2024. urtean Bilbon, Osasun Sailaren aurrean, emaginen alde egindako protesta.
2024. urtean Bilbon, Osasun Sailaren aurrean, emaginen alde egindako protesta. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Gurutzetako ospitaleko eta Barrualdeko emaginek, Satserekin, bederatzi mobilizazio eguneko deialdia egin dute ekainaren 17tik uztailaren 2ra bitarte. Greba egun horietan, lehen mailako arretari eta ospitale eremuari eragiten dien emagin falta salatuko dute; baita horrek dakarren emakumeen arretaren narriadura ere. Deialdia profesionalen eta emakumeen osasunaren defentsan sustatu dute emaginek, eta Satsek babestu du. Bederatzi greba egun izango dira.

Bi urte lehenago, 2024. urtean, egindako protestek eta grebak Osakidetzako lan mahai espezifiko bat sortzea ahalbidetu zuten. Hark, osasun erakundeen artean zenbait alor bateratzea ekarri zuen, besteak beste, agendak, zerbitzu zorroak eta protokoloak. Edonola ere, deialdiaren egileek salatu dute «profesionalen kontrataziorik eza eta plangintza falta direla konpondu gabeko arazoak».

Erizainen sindikatuak salatu duenez, «Osakidetzak antolaketa falta du, 2.600 emakume baino gehiago artatzeko emagin bat dago, eta beraz ezin dute kalitatezko arreta bermatu». Gaineratu dute plangintza beharra dagoela datozen erretiroei aurre egiteko eta beharrak dimentsionatzeko. Oporraldiei begira, aitortu dute hainbat osasun erakundetan ordezkapenik egiteko nahikoa profesional ez dagoela. Egoera horren aurrean greba deialdia bultzatu badute ere, azaldu dute «profesionalen urritasunaren arazoak eta horren ondorioek» EAEko erakunde sanitario integratu guztiei eragiten dietela eta horietako emaginek ez dutela baztertzen «greba deialdiarekin bat egitea».