Sanferminak eta nostalgia
Uztaileko egun bero hauetan hala dirudien arren, jende guztia ez dago sanferminen mozkorraldian murgilduta, ezta hondartzetako toallak kubritzen ere. Ni lako milaka gizajo batzuek lanean jarraitzen dugu mundua geldituta dagoela dirudien aro honetan. Badut udatan bereziki gure jendartea bi mundu horien artean banatzen den uste geroz eta handiagoa. Nire kasuan, ez da haurtzaroko udarik bueltan, seguru, udaro, aurreko hiletan nire fantasietan bueltatuko direla uste izaten dudan arren. Bestaldekoak begiratuta, autokonpasio pixka bat eta inbidia dosi galanta. Udaro koadro bera. Baina uda haiek ez datoz bueltan.
Halere, ezin etsita, goiz jaiki eta hau idazten hasi baino lehen kafea eskuan entzierroa ikusi dut, gaztaroko udetako derrigorrezko zita. Hori bai uda usaina, duela 30 urteko irudi ia klonatuak; zezenen kiratsa ere sumatu dezaket, entzierroak geroz eta azkarragoak direla eta emozio gutxiago dutela (nobleziak gorabehera) dioten esatarien ahotsen artetik. Zaila da, baina, jakiten gaurko entzierroaren irudiak ikusita, irudiak 2026koak ala 1996koak diren. Nire zalantzak ditut hori bere horretan hain adierazle ona den, norbaitek hau irakurrita larrutu nazakeela kontziente naizen arren. Kamiseta koloretsuak bai-ez, adarkaden parte medikoa, anbulantziak, ardoz betetako mozkorrak... urtero lez. Ederra, han egoteko desira eta halako nostalgia bat sartu zait...
Tradizioak tradizio, nostalgia da jende askok etorkizunari aurre egiteko hartzen duen hautuzko jarrera. Nostalgiatik bizi dira udak, nostalgiatik entzierroak, nostalgiatik lehengo parrandak, nostalgiatik politika, norbere osasuna, edertasuna eta oro har edozein kontu txiki eta handi.
Aurten Osakidetzako mamografia egitera deitu naute lehenbizikoz, eta horrek kribatuak egiten zaizkion populazioaren adin-tarte pribilegiatu horretan sartu naizela eta, beraz, aro berri batean sartu naizela gogorarazi dit. Eta alboetara begiratuz, geroz eta nostalgiko gehiago ikus dezaket inguruan.
Gaur, egun aproposa izango dut nostalgiaz inguratzeko. Izan ere, aurten zenbaki borobila ospatuko dugun kintadako bazkarian ehundik gora adinekorekin topo egingo dut. Ezinbestean, azken egunetan oroimen ariketa potentea egin behar izan dut, ziurrenik gainontzekoek egin duten bezala. Gaztaroko hura edo hau nondik nora ibiliko ote den, zer izango zen haren bizitzaz, bidean geratu direnek eragiten duten norberaren zortearen kontzientziaz, ondo eta gaizki zahartzeaz eta orduko gauzen garrantziez eta gaurko axolagabetasunez. Hala, gazte garaian nire militantzia politikoaren intentsitatea eta batik bat garaiaren beraren intentsitateak asko baldintzatu zituen kuadrilla eta lagunarte giroak. Alde batera edo bestera politikoki markatuak ginenak eta ezer esaten ez zuten horien hartu-emanak, taberna hautuak, jumelaje edo anaitze bitxiak...
Horregatik agian, atzera begiratuta, saiatu arren, ezin dut nostalgiarik sentitu. Intentsitate horretan oso gauza ederrak egon ziren, harremantze hautsezinak, lotura ia magikoak, egun ere mantentzen ditudanak. Oroitzapen zoragarriak ditut garai haietaz, baina nostalgiarik ez. Gaur bazkarira gerturatzean badakit inguruan spitxa botatzen nuenean sortzen zen isiltasunik ez dela izango, eta nire militantzia «markak» ez duela garaian sortzen zuen tentsiorik eragingo. Are gehiago, horietako asko egun bidelagun izango ditut, artalde edo komunitate bereko lagun. Eta ez direnekin elkarrizketa atseginak izango ditut, desadostasunak desdramatizatuz eta are batzuetan elkarri adarra joz. Urte hauetan guztietan honaino iritsi garelako. Meritu handiz, herri gisa kapazak izan gara honaino iristeko. Ez toki guztietan, ez jende guztiaren artean oraindik. Baina horrantz goaz, geldiezin, denboraren laguntzarekin eta giza harremanek duten «berezko zera» horrekin.
Horregatik, ardura politiko handiak dituzten zenbaitzuk zeharo despistatuta daudela iruditzen zait. Garai zaharren nostalgikoak, iragana betikotu nahian eta erreproduzitu nahian. EBAUko euskarako azterketen harira, batzuk, erdal hiztunen eskubide profesionalak euskara hizkuntz kaxkarraren ezagutzaren gainetik jarri behar direla sutsuki defendatzen, eta beste batzuk, epelkerietan haiek ulertzen dituztela esaten, adibidez, botoak hemen eta han mantentzearren eta hedabideei kontra ez egitearren. Are gehiago, argi hitz eginda, EHUren gainean iruzur susmoak zabaltzen. Uda hasierako aperitifa izan den horri udako beste ze sugek jarraituko dion jakiteko dago: txosna bat, ertzain bat, duela 30 urteko gertakariren baten irudiak... denak balio dezake Euskal Herria 2026an barik 1996an dagoela sinetsarazteko. Nostalgikoek iragana maite dute, garaiko sufrimenduan ondo joan zitzaielakoan eta egungo testuinguruan enkajatu ezinik...
Horietako bat nire kintoa balitz, gustatuko litzaidake gaur elkarren ondoan bazkaltzea, ingurura jendeari begiratu eta bere tonuarekin eta hitzekin jendartean egiten duen erridikuluaz kontzientzia hartzea. Zorionez, jendartea ez baita 1996an zena. Denok aldatu gara eta, nostalgikoek kontrakoa defendatu arren (aldaketak egitea bera leporatzeraino), aldatzea ez baita txarra. Ez beti, ezta gehienetan ere. Eboluzionatzea betebehar politiko bat ere badelako.
Sanferminetako entzierroetako irudiak bezain estatikoa izatea ezin da kategoria politiko aspirazionalera igo; zezen-mandoa gainetik pasako zaizu bestela, eta ez dago Iruñekoa izan beharrik horrek suposatzen duen deskredituaz jabetzeko. Sanferminetara joan ezin izan dudanaren nostalgiatik, marianito bat hartzera noa oraintxe, tradizioak gustuko izan arren eboluzionatzea maite dugun guztion alde.

NADIA COMANECI Y AQUEL 10 SÍMBOLO DE LA PERFECCIÓN

España gana su segunda estrella derrotando a un pobre campeón

«Pertur»: qué se sabe, qué no se sabe y qué es ‘fake’

Etorkizuna libreki erabakitzeko konpromisoa berritu dute Bergaran
