«Biasteri zurekin» programa zabaltzeko helburua du Melgosak
Nerea Melgosa Lakuako sailburua NAIZ Irratian izan da «Biasteri zurekin» proiektuaren emaitzak azaltzeko. Guardian abiatutako egitasmoak nahi ez den bakardadeari aurre egin, pertsonen autonomia sustatu eta landa eremuko sare komunitarioak sendotu nahi ditu.

Lakuako Gobernuak eta Guardiako Udalak “Biasteri zurekin” proiektu komunitarioa sendotzeko fase berri bat jarri dute abian. Guardian azken bi urteetan garatutako esperientzia pilotuaren emaitza positiboak ikusita, egitasmoa beste landa herri batzuetara zabaltzeko aukera aztertuko dute.
Nerea Melgosa EAEko Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak NAIZ Irratian atzo azaldu zuenez, proiektuaren abiapuntua duela bi edo hiru urte landa eremuetako egoera aztertzeko egindako ikerketa izan zen. Azterketa horretan, nahi ez den bakardadearekin lotutako egoerak ez ezik, herrietako sare komunitarioen ahultzea ere antzeman zuten.
«Ikusi genuen bakardadearen arazoa bazegoela, baina baita komunitatearen ahultasuna ere», adierazi zuen Melgosak. Horren aurrean, Guardiako Udalarekin, herritarrekin eta inguruko eragileekin elkarlanean aritzeko tresna bat diseinatzen hasi ziren. Sailburuaren arabera, bi urteko ibilbidearen ostean, Guardian talde «sendoa» osatu da eta parte-hartzaileen arteko harremanak indartu egin dira.
XEHETASUNAK
Proiektuaren lehen fasean, adinekoen egoera ezagutzeko 50 balorazio inguru egin ziren. Era berean, herritarren kezkak eta beharrak partekatzeko espazioak sortu ziren, eta ariketa fisikoarekin, memoriarekin, ongizate emozionalarekin, digitalizazioarekin, osasunarekin eta parte-hartze komunitarioarekin lotutako jarduerak antolatu ziren.
Melgosak nabarmendu zuen jarduera horiek parte-hartzaileen eguneroko bizitzan egitura berri bat sortzeko baliagarriak izan direla. Ariketa fisikoak, memoria tailerrek eta banakako elkarrizketek osasun fisikoa eta emozionala hobetzen lagundu dute, baina egitasmoaren ekarpen nagusietako bat pertsonen autoestimua eta autonomia indartzea izan dela azaldu zuen.
Proiektuaren balorazioaren arabera, parte-hartzaileen artean nahi ez den bakardadearen sentsazioa murriztu egin da. Sailburuak adierazi zuenez, familiek ere aldaketak sumatu dituzte: beren senideak alaiago ikusi dituzte eta haien egoera fisikoak hobera egin duela antzeman dute. Gainera, tailerrek auzokideekin beste modu batean harremantzeko aukera eman diete.
Melgosaren iritziz, nahi ez den bakardadeak ezaugarri desberdinak ditu landa eremuetan eta hirietan. Herri txikietan oraindik harreman komunitarioak mantentzen diren arren, biztanle gazteak beste leku batzuetara joateak eta populazioaren zahartzeak, sare horiek ahuldu ditzakete. «Jendea beste toki batzuetara bizitzera joaten da, eta adinekoak bakarrik geratzen dira», azaldu zuen Melgosak. Hori dela eta, politika publikoak landa eremuen errealitatera egokitzearen garrantzia azpimarratu zuen, erronka demografikoa ongizate politiken barruan kokatuz.
BEREZITASUNAK
Hala ere, herri txikiek abantaila bat ere badutela nabarmendu zuen sailburuak: bizilagunek errazago antzeman dezakete norbaitek ohiko lekuetan agertzeari utzi diola edo bere eguneroko ohiturak aldatu dituela. Okindegiek, harategiek, elkarteek eta auzokideek «antena» komunitario gisa funtziona dezakete, bakardade edo zaurgarritasun egoerak identifikatzeko.
Guardian osatutako sarean, Udala, Osakidetza, gizarte zerbitzuak, berdintasun teknikariak, elkarteak eta Arabako Errioxako Kuadrillako beste profesional batzuk ari dira elkarlanean. Eragileetako batek pertsona baten egoeran aldaketaren bat antzematen duenean, informazioa partekatu eta pertsona horrek zer laguntza behar duen aztertzen dute.
Sailburuak ohartarazi zuen nahi ez den bakardadea adinekoekin soilik lotzea estereotipo bat dela. Gazteek ere bakardadea bizi dezaketela gogorarazi zuen, eta, horregatik, belaunaldien arteko jarduerak sustatzearen alde egin zuen.
EREDUA SENDOTU ETA ZABALDU
Proiektuaren hurrengo fasearen helburua Guardian sortutako eredua sendotzea, ebaluatzea eta beste udalerri batzuetara eramateko moduko bihurtzea izango da. Horretarako, koordinazioa, kudeaketa eta laguntza teknikoa indartuko dituzte. Hala ere, Melgosak argitu zuen herritarrek beraiek jarraituko dutela jarduerak proposatzen eta antolatzen. Proiektuaren oinarrietako bat autogestioa delako.
«Ez dugu bakardadea bakarrik aztertu behar; pertsonen autonomia mantendu eta arreta pertsonalizatua eskaini behar dugu», nabarmendu zuen.
Nahi ez den bakardadea bizi duten herritarrei ere mezua helarazi zien sailburuak. Isilik geratu beharrean, Udaleko gizarte zerbitzuekin, herriko elkarteekin edo inguruko pertsonekin harremanetan jartzera animatu zituen. «Komunitatea oso garrantzitsua da. Herri guztietan daude elkarteak eta gizarte zerbitzuak; mesedez, hitz egin haiekin», azpimarratu zuen.

España gana su segunda estrella derrotando a un pobre campeón

Etorkizuna libreki erabakitzeko konpromisoa berritu dute Bergaran

Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarri ozena

«Zaila da memoria lantzea, jende aunitzek ez du arbasoen ardura ikusi nahi»
