GARA
ROMA
«ELIKADURA SEGURTASUNAREN ETA NUTRIZIOAREN EGOERA MUNDUAN» TXOSTENA

Gosea behera doa, baina ez denean, ez aski, eta lorpenak arriskuan daude

Gosea gutxitzeko Nazio Batuen Erakundearen txostenak jasotzen dituen aurrerapenak ospatu arren, munduko hiru lagunetatik batek ez duela dieta osasungarri bat izateko modurik oroitarazi dute ikerlanaren egileek. Elikagai osasungarriak aukeratzen laguntzen duten, edoskitzea bultzatzen duten eta onak ez diren produktuak zergapetzen dituzten politikak defendatu dituzte.

Ume baten hazkundea neurtzen, Madagaskarren.
Ume baten hazkundea neurtzen, Madagaskarren. (Tsiory Ny Aina Andriantsoarana | UNICEF)

Munduan gosea hirugarren urtez segidan gutxitu zen 2025ean, Nazio Batuen Erakundeko bost antolakunde espezializatuk atzo argitaratu zuten txostenaren arabera. “Elikadura segurtasunaren eta nutrizioaren egoera munduan 2026” lanak dioenez, hobekuntzak badiren arren, ahulak dira, ez dira berdinak eskualde guztietan eta ez dira nahikoa 2030erako Garapen Jasangarriaren Xedeak betetzeko.

Txostenak estimatzen duenez, 2025ean munduko biztanleriaren %7,8k pasatu zuen gosea. 2024an %8,1 izan ziren, eta, 2022an, %8,6. Hala, hobekuntza iraunkor bat ikusten da, baina mantsoa. Iaz 645 milioi pertsona inguru erasan zituen goseak, aurreko urtean baino 14 milioi gutxiago eta 2022an baino 43 milioi gutxiago.

GEHIENAK, AFRIKAN

Asian, Latinoamerikan eta Kariben etengabeko hobekuntzak lortu dira. Aldiz, 309 milioi lagun gose dira oraindik Afrikan. Asian 292 milioi lagun dira. Afrikan atzemandako goranzko joera egonkortzen ari bada ere, eta gose den biztanleria 2024ko %20,3tik 2025eko %20ra jaitsi bada ere, goseak kolpatutako pertsonen kopuru absoluturik handiena biltzen du kontinenteak gaur egun, hazkunde demografiko azkar baten testuinguruan.

2025ean, munduko biztanleen laurdenek baino gehiagok (%25,8, 2.100 milioi pertsona inguru) elikadura segurtasun falta jasan zuten. Aurreko urtean baino 86 milioi lagun gutxiagok jasan zuten elikadura segurtasun falta eta 2020an baino 135 milioi lagun gutxiagok. Hala ere, pandemiaren aurreko mailatik gora jarraitzen du kopuruak.

Afrikako biztanleen erdiek baino gehiagok (%56,6) sufritu zuten elikadura segurtasun falta 2025ean. Asian, %20,3k, Latinoamerikan eta Kariben %22,9k, eta Ipar Amerikan eta Europan %8,7k. Ziurtasun falta hori handiagoa da, gainera, landa eremuan hirigunean baino. Eta nahiz eta genero arrakala pixka bat murriztu, emakumeei gehiago eragiten die oraindik.

Hurrengo bost urteetan Ekialde Hurbileko gatazkaren testuinguruan gerta daitekeenari buruzko proiekzioak ere jasotzen ditu txostenak. Elikadura inflazioarekin lotutako krisiaren inpaktuaren iraupenaren arabera (energiaren eta ongarrien prezioen igoerak eragindakoa), 510 eta 520 milioi artean kokatuko litzateke 2030ean gosea izanen luketen pertsonen kopurua.

FINANTZAKETA MURRIZTUTA

Txostena osatu duten erakundeek -FAO, FIDA, Unicef, PMA eta OME- ohartarazi dutenez, Ekialde Hurbileko gatazkak, muturreko fenomeno meteorologikoekin eta garapenari emandako laguntza ofizialaren eta finantzaketa humanitarioaren murrizketarekin batera, arriskuan jar ditzake gosea amaitzeko aurrerapausoak.

Ikerlanean nabarmentzen denez, ama-umeen elikaduran lortzen ari diren aurrerapenak ere ez dira aski nutrizio helburuak betetzeko. Haurren hazkundearen atzerapena, emaziazioa, gainpisua, jaiotzean pisu baxua izatea eta edoskitze esklusiboa bezalako adierazleek hobekuntza marjinalak soilik erakusten dituzte.

15 eta 49 urte bitarteko emakumeen anemia okerrera doa, helduen obesitateak tai gabe gora egiten duen bitartean: 2012an %12,1ek zuten eta 2024an %16,2k. Sei eta 23 hilabete arteko munduko haurren %30,8k dute gutxieneko dieta anitz bat, eta bost urtez azpiko 150 milioi umek atzerapenak dituzte garapenean.