J.L. J.L.
sokatira

Ezusterik ez da izan lauko lehen fasean

Ez zen inongo ezusterik izan Euskal Herriko Lauko Sokatira Txapelketan, eta aurrez pentsa zitezkeen taldeek lortu zuten datorren asteburuan Aian jokatuko den 320 kiloko finalean aritzeko txartela. Taldeak lau multzotan banatuta daudenez, bi egun behar izan dira bigarren jardunaldia osatzeko.

Herenegun A eta B multzotakoak neurtu ziren, eta atzo, berriz, C eta D multzotakoak. Hasteko, multzo bakoitzak bere ligaxka egin zuen, eta, gero, bakoitzeko lehenengoak elkarren aurka aritu ziren lehen postua erabakitzeko, bigarrenak hirugarrena erabakitzeko eta horrela banan-banan azkeneko postura bitarte.

A eta B multzoetan, Sokarri gailendu zen, bigarren Abadiño izan zen, Murueta hirugarren eta laugarren Baigorri. Horrenbestez, lau horien artean zegoen finalerako txartela, eta azkenean Murueta izan zen finaletik kanpo geratu zena, Sokarrik, Abadiñok eta Baigorrik lortu baitzuten helburua betetzea.

Atzo, berriz, Ibarra A izan zen onena, bigarren Ñapurrak, hirugarren Ibarra A eta laugarren Nabarniz. Azken bi talde horiek puntuetan berdinduta geratu ziren, eta kitarakoa jokatu behar izan zuten Ibarra B eta Nabarniz taldeek. Azkenean gipuzkoarrek lortu zuten garaipena, eta, horrekin batera, noski, finalerako txartela. Beraz, C eta D multzoetatik Ibarra A, Ibarra B eta Ñapurrak sailkatu ziren.