Maider Eizmendi
Kazetaria
TXOKOTIK

Eman ez zieten duintasuna emateko

Txaloka hasitakoan, kamerak goian bildutakoak jaso zituen eta arrapaladan hasi nintzen errepasoan bere begiak topatuko ote nituen, bereak edota haiei zeharka begiratzen zien alabarenak; ez nituen topatu, baina seguru-seguru nago zegoen tokian zegoela ere, dir-dir egin zutela, elkarrizketarako grabagailua piztu eta bere aitaren inguruan galdetuta, eztarriko korapiloa askatu ezinean zebilela egin zuten modu berean. Aurpegiko zimurdura sakonak bizitza luzea delatatzen zion; baina, hala ere, aitaz galdetu eta hura galdu zuen eguna xehetasun erabatekoaz hasi zen deskribatzen, minutuz minutu ia.

Gogoratu nuen, halaber, txaketako botoiek nire begietara haragitu zuten hezurdura hura. Urdaila uzkurtuta begiratu nuen apurka-apurka zabaltzen ari ziren zangara eta gutxika azaleratzen ari ziren hezur pilara. Hori baino ez ziren adituek haiek historiaz janzten hasi ziren arte, hezur. Pixkanaka joan ziren haiek mamitzen, arropez janzten, lanbidea ematen, ia-ia pentsamoldea marrazten... Guztiarekin, bertan eta pilatuta bota zituztenek kendutako duintasuna itzuli zieten, bederen bertaratu ginen guztien begietara. Gertuagokoak eta ia-ia etxekoak diren beste pasarte batzuk ere akordarazi zizkidan urdailetik sortu zen txalo zaparradak.

Euskal Herriko bide bazterretan zabaldutako zangetan basati lurperatu zituztenak mamitzeko eta janzteko bidean pauso bat da pasa den astean Nafarroako Parlamentuan onartu zen legea. Berandutxo iritsi da batzuentzat, senitartekoak aurkitzeko grina beraiekin hartuta joan direlako, haiek topatu eta janztearen lasaitasunaren gozoa ezin izan dutelako dastatu. Parlamentuko harmailetan batutako pertsonen artean, baziren, baina, adinez gazteak, aurrekoek emandako enkarguak ondo jasoak zituztenak, guraso eta anai-arreben hezurduren ordez birraitona eta birramonak eta aiton-amonenak bilatzen dituzte, haiek ere eman ez zieten duintasunez janzteko prest daudenak; zailtasunak izanagatik, Euskal Herriko bide bazterretara beste begi batzuekin begiratzen dutenak.